Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Beiraren tailagileak

      Beirazko objektuak apaintzeko gehien erabiltzen den tekniketako bat tailatzea da, hau da, piezaren kanpoaldea lantzea aldatzeko asmoz. Lan zaila gertatzen da hori, eta ez bakarrik artelana delako; izan ere, beiraren ezaugarriak hartu behar dira kontuan: gogorra izan arren hauskorra da oso, eta tailatzean ezin da indar handirik erabili. Ondorioz, lana poliki-poliki egin behar da, higatu  nahi diren zatietan material kantitate txikiak kenduz. Ondorengo apaintze lanak, askotan kolore deigarriekin eginak, areagotu egiten ditu zailtasunak.

      Beiraz egindako objektuak tailatzea edo apaintzea, beste lanbide batzuk bezala, bokaziozko jarduera da, neurri handi batean, batez ere tailer txikietan lanean aritzen diren artisauen kasuan. Lanbide honetan eskarmentu handia duen artisau batek ondorengoa esan zigun: “gustatu egin behar zaizu, askotan bizimodu bilakatzen baita”.

      Aurreko guztia eta Euskal Herrian lanbide honek duen tradizio urria ikusita, ulertzekoa da gure artean lanbide honetan diharduen artista kopurua txikia izatea.

      Bestalde, lanbide honetan aritzeko funtsezkoa da gaitasun artistiko nabarmenak izatea; azken finean, artisau bakoitzaren sormenaren araberakoa izango da bere lanak lortuko duen estimazioa. Era berean, nahitaezkoa da lanean oso saiatua izatea eta hura pazientzia handiaz hartzea, baita pultsu bikaina eduki eta behar den eskarmentua lortzeko luze praktikatzea ere.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua