Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Telegrafistak

       Gizakiak beti erabili izan du urrutian dauden pertsonekin komunikatzeko baliabideren bat. Antzina honako seinaleez baliatzen ziren: kea, zuziak, banderak, kanpainak, zaratak..., betiere aldez aurretik seinalearen adierazpen edo esanahia hitzartu ondoren. Telegrafia aurrerapen garrantzitsua izan zen pertsonen arteko komunikazioan XVIII. mendetik hona.

       Telegrafiako lehen sistema telegrafia optikoa deitzen zitzaiona izan zen. Lurralde osoan zehar dorreak eraiki ziren batetik bestea ikusteko moduan. Hala, dorre horietako batean zegoenak egindako seinaleak beste dorre batean zegoenak ikusten zituen, eta horrela. Sistema horrek ez zuen iraupen luzerik izan transmisio elektrikoa etorri zelako. Sistema horretan Morse alfabetoa erabiltzen zen, hots, hizki edo zenbaki bakoitza puntu eta marra kopuru batzuekin ordezkatzen zen, eta puntu eta marra horiek zirkuitu elektriko bat denbora gehiago edo gutxiago ireki-itxiaz adierazten ziren. Sistema hau oso azkar hedatu zen eta eragin handia izan zuen ekonomian zein gizartean.

       Baina, Hertz-ek uhin elektromagnetikon arloan egindako aurkikuntzek, eta Marconik linea elektrikorik gabe informazioa urrutira bidaltzeko asmoetan izan zituen arrakastak eta horiekin bat zientziak egin zituen beste ekarpen batzuk, bada, horiek guztiek haririk gabeko telegrafia ekarri zuten XIX. mendearen amaieran. Sistema horren benetako garapena ondorengo urteetan etorri zen.

       Lehen bi kasuetan, Espainiako estatuak, bokazio zentralizatzaile handikoa, monopolizatu egin zituen sistema hori instalatzea eta ustiatzea, gainontzeko estatuetan egiten ari ziren bezala. Amerikako Estatu Batuak sistema monopolizatzeko bide horretatik kanpo geratu ziren. Telegrafia elektrikoa eta trenbideak egitea batera etorri zirenez, trenbideak egiten ari zirenek aukera izan zuten telegrafia berariaz erabiltzeko trenaren zerbitzura. Haririk gabeko telegrafiari dagokionez, partehartze pribatua handia izan zen.

       Telegrafia elektrikoak era askotako koalifikazioetako lanbideak sortzea eragin zuen, bai lineak jartzerako bai ehunka telegrafo bulegoak mantentzeko eta funtzionatzen edukitzeko. Lanpostu garrantzitsuak eta ospe handikoak izan ziren telegrafista eta irratitelegrafista lanpostuak.

       Telegrafista izateko ez zuten jakintza edo abilezia berezirik eskatzen, baina bere lanean jakin zezaketen guztia zuhurtasunik handienaz isilean gordetzeko obligazioa zeukaten. Hortaz, telegrafista ona izateko premiazkoak ziren ondratutasuna, profesionaltasuna eta zuhurtasuna. Irratitelegrafisten kasuan tramankuluei buruzko jakintza sakonaz gain nork bere erantzukizunak bereganatzen jakin behar zuen.

       Korporatibismoaren ondorioz 1856an telegrafisten elkartasuna sortu zen; 1869an horri postako pertsonala lotu zitzaion. Baina urte luzeetan egoera aztertzen egon ondoren, poliki-poliki berriro sakabanatu ziren 1895ean, ia mende bat geroago, 1981ean, biak berriro elkartzeko.

       Euskaraz idatzitako lehen telegrama 1904an (1) bidali zen. Telegrama hura Arana diputatu karlistak eraman zuen Kongresuko telegrafo bulegora handik bidaltzeko. Garai hartan atera berria zen Errege Dekretu batek aukera ematen zuen telegramak "eskualdeetako hizkuntza eta dialektoetan idatzita bidaltzeko". Lehen telegrama hartan honela esaten zen "Santiago Irala – Ondarroa . Aitorren izkuntz ederrean nere lagun eta erritara biotz barrungo oroipena. Teodoro Arana”.

 

(1) Euskal-Erria, 50. liburukia (1. sei hilekoa, 1904) 551. orrialdea.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua