Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Postariak

       Antzina-antzinatik izan dute herrialde guztiek informazioa edota beste edozein gauza bidaltzeko sistemaren bat, urteen joan-etorriaz egungo posta zerbitzua bihurtu dena.

       Espainiako posta zerbitzuaren historian gutxienez ere lau aldi nabarmentzen dira. Lehena, Koroaren eskutik eratzera iritsi zen artekoa; aldi horrek XVI. mendera arte iraun zuen. Bigarrena, zerbitzua partikularrek errentan ustiatzen zutena, XVIII. mendearen lehen herenera artekoa. Hirugarrena, Estatua zerbitzua zuzenean administratzen hasi zena (zerbitzu publikoa); eta azkenik, egungoa: sistema kudeatzeko, merkatuan nagusi diren irizpideak erabiltzen dituena.

       Lehenengo bi faseetan, etengabeak izan ziren eztabaida eta tira-birak postaren monopolioa eskuratu eta ustiatzeko. Zerbitzuak urtez urte hobetuz joan baziren ere, XVII. eta XVIII. mendeetara iritsi arte espainolek, Europako gainontzeko estatu gehienek bezala, ez zuten posta zerbitzurik antolatu. Mende horietan zehar hasi ziren "zerbitzu erregularrak eta aldian behingoak eratzen, zerbitzua egun finko eta aldaezinetan ezartzen eta herririk baztertuenetan ere posta bulegoak jartzen". Hala, zerbitzua eratu aurreko mezulari, mandatari eta nahiko erregulartasunez ibilbide gutxi-asko aurrez zehaztuak egiten zituzten mandozainak emeki-emeki ordezkatuz joan ziren.

Posta

Posta .

       Bilakaera horretan erabakigarria izan zen monarkia absolutistek zeukaten premia zerbitzu hau kontrolatu eta bere boterea eragingarritasun handiagoaz betetzeko. Hala, 1716an Estatuaren administrazioko atal bihurtu zen.

       Merkatuak zabaltzearekin batera, XIX. mendearen lehen erdikotik aurrera gizarte liberala finkatzeak, besteak beste, posta, paketeak, eskudirua eta balioak leku batetik bestera eramateko erakunde bereziak ikaragarri garatu eta ugaltzea ekarri zuen.

       Gure inguruan, Katalunia izan zen, bete herrialde askoren aurretik, posta zerbitzuak antolatzen lehena. Herrialde horretan komertzioak garrantzi handia izan ohi duenez, goiz hasi ziren postalaritza, kofradia edo gremioen bidez antolatzen. Gerora, XVIII. mende aldera, Espainiako koroak bereganatu egin zuen zerbitzua, euskal herrietakoekin egin zuen bezala, bere eskura zerbitzua zentralizatu eta bateratzeko.

       Modernotzat jo dezakegun posta zerbitzuaren antolakuntzan, garraioa eta banaketa bereizten direnean, alegia, kartak banatzeko ardura zuen postariak, zerbitzu ona emateko ahalegina egiten zuenez, berebiziko garrantzia hartu zuen gizartearen antolamenduan. Beste lanbide askotan gertatu den bezala, teknologia aurrerakuntzek, hala nola, telex, fax eta posta elektronikoak, postarien eginkizun batzuk ordezkatu dituzte. Alabaina, horiek, aurrerakuntzak aurrerakuntza, kale eta plazetan zehar ikus ditzakegu puntualtasunez gure etxeetara iristen.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua