Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Gurdizainak

       Pertsona eta merkantzien garraioa garai guztietan garrantzitsua izan bada ere, berebizikoa izan da elkarrekin jarduera osagarriak dituzten herrien arteko harremanetarako edota hiri handietako hiriguneak eta inguruko herriak elkarrekin lotzeko. Harreman horietarako orain arte erabili diren baliabideak azkar bilakatu dira batez ere azken hamarraldietan, eta animaliaz tiratutako garraiotik egungo ibilgailu konplexuetara aldatu gara.

       Armak fabrikatu ohi zituzten herriak dira esandakoaren eredu garbia. Hainbat herriz osatutako “arma eskualde”an, hau da, Mallabia, Arrasate eta Elgoibarrek eratzen duten triangelu barruko herrietan, jarduera nagusiak elkarren osagarri ziren: baten egindakoa bestean egiten zenaren osagarria zen, eta beste batean produktuaren akaberako espezialitatea zeukaten: batzuetan kanoiak forjatzen, barrenatzen edo limatzen zituzten, beste batzuetan, ordea, kulatak eta baskulak grabatzen zituzten. Gainera, tramankulu horiek aztertzeko eta probatzeko lekuak ere herri horietan zeuden.

       Industria jardueraren egitura horrek, mendeetan eta mendeetan eskualdeko ekonomiaren oinarria izan zenak, armak eta horiek egiteko pieza guztiak etengabe garraiatzea eskatzen zuen, baita pertsonak ere, nahiz eta beste maila batean izan. Eta ez dugu ahaztu behar ezta ere, enpresa handienen artean izan zitekeen mugimendua batetik bestera gauzak eramaten.

       Garraio premia horiek guztiak gurdizainen edo “karreteru”en esku zeuden. Gurdizainek eskualde osoan zehar ibiltzen ziren herri batetik bestera, eta aurrean aipatu dugun eskualdeko batzuek oroitzen dutenez, baziren gurdizain batzuk tamaina eta pisu handiko makinak eta bestelako ondasunak maneiatzeko eta eramateko espezialistak zirenak. Deba Beherean asko eta asko aritu dira jarduera honetan, baina orrialde hauetan horietako lau ikusiko ditugu, gure ustez horiek gainontzeko guztien eredu izan daitezkeelako.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua