Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Haraginak

      Mendeetan zehar familia burua izaten zen etxerako abereak hil eta zatitzeko arduraduna. Baina, gerora poliki-poliki harakin lanbidea sortu zen. Erroman lanbide hau "gizon libre eta errespetagarriek hartu zuten hasiera batean. Horiek haragia txikizka saltzeko postuak jarri zituzten fama txarreko auzo batean; auzo horrek hain zeukan ospe txarra bertara sen oneko emakumerik ez zen joaten; emakume esklaboak baino ez ziren joaten haragia erostera. Alabaina, gizon libreak ohiz joaten ziren beren esklaboen ordez".

      Prozesu luze baten ondoren, harakinak animaliak hiltzea eta saltzea bereizten hasi ziren eta animalia mota bakoitzean espezializatzen: behia, txerria eta ahuntza eta akerra batera. Hala, postuak gainontzeko saltzaileekin batera jartzen hasi ziren eta pisura saltzen eta ez zatika edo sortaka ohikoa zen moduan. Artisau horiek emeki-emeki korporazioak eratu zituzten beren eskubideak defendatzeko eta obligazioak betetzeko. Korporazio horiek gerora indar handia hartu zuten.

      José Fermín Garralda Arizkunek (1) dioskunez XVIII. mendean “Iruñea hornitzeko jakietan haragia bigarren mailan zegoen ogiaren atzetik. Beste gai batzuekin bezala, udalak, eredu ekonomiko babesle bati jarraiki, monopolizatu egiten zituen ardi eta abere aziendaren hornikuntza, herritarrek behar-beharrezkoak zituzten gai horiek bermatzeko eta prezioak mantenduz haragia herritar guztien eskura jartzeko, baita txiroenentzat ere".

Haragina

      Antxon Agirre Sorondok nabarmenarazten duenez, gure kontzejuek enkantera ateratzen zituzten hainbat produktu, adibidez, ardoa, haragia, pattarra, bakailaoa, olio biguna eta balearena edo lumera. Eta haragiaren hornikuntzari buruz dioenez, 1795. urtean Aiako Udalak zera agindu zuen:

  1. Errentariak salgai izango ditu noiz nahi seboarekin egindako belak, libra 32 koartotan; sebo urtuaren libra 28 koartotan; eta sebo gordina 24 koartotan.
  2. Haragiaren libra bakoitza 11 koartotan salduko du Pazko Garizumara arte eta urtearen gainontzeko egunetan, 12 koartotan.
  3. Lau txerri hilko ditu, bat honako egun bakoitzean: Pazko Garizuma, San Donato, Urteberria eta Inauteriak. Horrez gain, Igokunde egunean agintariek aginduko dioten abelburu bat hilko du.
  4. Istripuz hildako abereak auzokideei emango die, baldin eta jateko moduan badaude, eta prezio egokian salduko die.
  5. Aberearen buru bakoitza zilarrezko errealean salduko da, eta diru hori pobreentzat emango da.

      Garai horretan (Iruñea, 1817) zera adierazten da: "harakin lanbidea lanbide ondratua da, horretan diharduena belzten ez duena, eta bestelakorik adierazten duen iritzia, bidezko filosofiaren printzipio sendoenen kontrako kezka arrunta baino ez da, hau da, politika onaren konstante ziurrenen kontrako iritzia da, inolako oinarririk ez duena Erreinuko Legeetan, ez eta Zuzenbide Kanonigoan; eta amaitzeko, kontrako iritzi hori gure legeria ilustratu eta hobetu duten azken errege aginduen kontrakoa da bete-betean".

      XIX. mendearen hasiera arte, harakin bakoitzak bere instalazioak zeuzkan, ohiz herrian bertan eta hori horrela izateak dakartzan ondorio kaltegarri guztiekin. Baina Napoleon I.ak hiltegi publikoak herrietako erdialdetik kanpora ateratzeko agindua eman zuenean, eragin kaltegarri horiek guztiak desagertu egin ziren eta gainera hala aukera zegoen haragiak kontrolatzeko, osasun publikoaren mesederako.

      Iragan garaietan gure herrialdean ohikoa zen etxeko kontsumorako zen azienda larria, batez ere abelgorria, baserriko norbaitek baserrian bertan hiltzea; artzainek ere hiltzen zituzten animaliak. Kontsumorako haragia aldez aurretik prestatzen zuten, gatzatuz, aire zabalean edo eguzkitara lehortuz, eta batzuetan ketuz (zezina). Lan horiek guztiak ohiz udazkenean egiten ziren, eta hala prestatutako haragia gero kutxetan gordetzen zen. Ohikoa zen, halaber, ospakizunetan animaliak hiltzea, adibidez, herriko jaietan. Alabaina, herrietan garapen handia izan zuten haragia saltzeko denda espezializatuek, harategiek, alegia, eta horien ardura harakinen esku egoten zen. XIX. mendeak aurrera egin ahala, hiltegi publikoak hedatuz joan ziren, eta horrek aldaketa garrantzitsuak ekarri zituen jarduera honetara.

      XX. mendearen lehen herenetik, honakoak izan ziren Euskadin harakinen funtsezko eginkizunak: abereak baserrietan erosi, hil, zatitu eta saldu, ohiz bere familiakoen laguntzaz, salbu hiltegi publikoa zeukaten herrietan; hiltegiak eraikin bereziak izaten ziren, harakinari lana asko arintzen zioten abere-hiltzaile eta guztikoak. Duela gutxi hedatu diren hiltegi industrialek aldaketa garrantzitsua ekarri dute lanbide honetan ari direnentzat; gaur egun horiek haragiaren komertzializazio hutsera dedikatzeko arriskuan daude.

 

(1) Las carnicerías municipales de Pamplona en el siglo XVIII. Segundo Congreso de Historia de Navarra. Anejo 16-1992. Príncipe de Viana.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua