Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Tren-gidariak eta sugileak

        Trena 1863an iritsi zen Euskal Herrira. Garraiobide horren garapenaren ondorioz, lanbide berri ugari sortu ziren, garai hartan erabat berriak zirenak, eta poliki-poliki, trena pasatzen zen herrietan ohikoak bihurtu ziren. Horien artean aipagarriak dira tren-geltokiko buruak, tren-gidariak eta sugileak, txartel-zulatzaileak, zaindariak (langa, orratz, trenbide eta galga-zaintzaileak) baita bidezainak eta krokatzaileak ere.

        Horrez gain, trenbidearekin lotutako lanbideek egoera eta baldintza oso bereziak zituztenez, garai hartako beste lanbideetatik argi eta garbi desberdindu ziren.

Tren-gidaria

Tren-gidaria eta sugileak osatutako bikotea beren laguntzaileekin. Biek lurrinezko tren-makina beraiena balitz bezala zaintzen zuten.Tren aurrean Guillermo Gonzalez ageri da, azken lurrunezko tren-makina gidarietako bat, Altsasuako geltokian.

        Trenbidearekin batera iritsi ziren lanbideen artean, lurrun tren-gidariak eta sugileak izan ziren langile berezi eta adituenak. Nahiz eta bi lanbide horiek maila ezberdinetakoak izan, tren-gidariek eta sugileek beti batera egiten zuten lan, trenbide munduan bikote gisa ezagutzen zena osatuz. Bi langile horiek horren garrantzitsuak ziren, non trenbide-konpainia bakoitzak bere araudi berezi bat zuen bi lanbide horietarako. Araudi horiek berrogeita hamar artikulu baino gehiago izaten zituzten, eta bertan tren-gidari nahiz sugileek zituzten betebeharrak zehatz-mehatz jasotzen ziren.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua