Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Tabako-laborariak

       Gizakiak antzinatik erretzen ditu produktu begetal batzuk sendakuntzarako edo plazererako. Ohitura horrek bultzada handia hartu zuen, batez ere XVII. mendearen hasieran Amerikatik espainolek ekarritako tabakoarekin.

       Agintariek oso goiz konturatu ziren tabakoaren kontsumoa diru iturri garrantzitsua izan zitekeela, eta berehala jo zuten tabakoaren hazkuntza eta merkataritza monopolizatzera. Cádizko Gorte Liberalek 1817an tabakoa ekoiztu eta saltzeko askatasun osoa onartu bazuten ere, erabaki horrek hilabete eta erdi baino ez zuen iraun indarrean, Fernando VII.ak indargabetu egin zuelako berriro erregetza bereganatu zuenean. Tabakoaren monopolio hark, garaian garaiko egokitzapenak kontuan izanik, bere hartan jarraitu du gauden urteetaraino (1).

       Espainiako itsas armada emeki-emeki indarra galtzen hasi zen XVII. mendearen hondarretan; horrek itsas lapurretak areagotzea ekarri zuen eta, ondorioz, inportazioak eragoztea. Egoera horretan, bertako tabako hazkuntzak gorakada nabarmena izan zuen –batzuetan gainera hazkuntza klandestinoa–, geroz eta handiagoa zen eskariari aurre egitearren. Azken kolonien galerak –Kuba, Puerto Rico eta Filipinas– zailtasun berriak ekarri zituen tabakoaren eskuragarritasunera

Tabako-belarra

Tabako-belarra hazkuntzaren azken fasean .

       Tabakoa landatu beharra, beraz, indartuz joan zen, eta Balear Uharteek eta Kanariar Uharteek lortu zituzten tabakoa landatzeko lehen baimenak. Baina XX. mendearen bigarren hamarraldiraino landaketa horiek ez ziren oso indartsuak izan.

       Manuel Llanos eta Jaime Luis Zubiak (2) adierazten dutenez, baliteke Euskal Herrian XIX. mendean tabako landaketak egon izatea, baina modu klandestinoan. Monopolioak 1899aren eta 1902aren bitartean eman zituen lehen baimenak, baina 1932-1933ko kanpainan zabaldu zen benetan tabako landaketa gure herrialdeko eskualde askotan. Gipuzkoan tabakoaren ereintzak hiru hamarkada baino zerbait gehixeago iraun zuen. Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun Araban baino ez da landatzen; Nafarroako leku batzuetan ere landatzen da. 2001. urtean estatu espainola Europako Batasuneko herrialde tabako-ekoizletan hirugarrena zen. Europako Batasuna, hala ere, ahalegin handiak ari da egiten tabakoaren produkzioa murrizteko, eta 300.000 euro arteko laguntzak ematen ditu tabako-ekoizleak beste jarduera ekonomiko batzuetara bideratzearren. Diru laguntza hori lortzeko baldintza bakarra tabakoaren produkzioa eta orain arte esleitutako kuota behin betiko bertan behera uztea da.

       Tabakoaren inguruko jarduerak herri-administrazioak kontrolatu ohi ditu, zorroztasun handiz gainera. Herri-administrazioak ematen zizkien belar haziak baserritarrei landatzeko. Beste edozein landaketek baino eskulan gehiago eskatzen zuen prozesu luze baten ondoren, belar honen hosto berdeak lortzen ziren behar adinako hezetasunez; gero lehortu egin behar izaten ziren, eta sektore hau erregulatzen zuen Servicio Nacional de Tabaco-ri entregatu, horren ordaina jasotzeko. Servicio Nacional horrek, era berean, hostoak ondu egiten zituen, eta ondu ondoren, kontsumitzaileentzako produktuak prestatzen zituzten enpresa espezializatuei banatu.

       Gerra zibilaren osteko urte latzetan, tabakoa haztea diru iturri garrantzitsua izan zen belarra erein eta hazteko ofizioa ikasi zuten baserritarrentzat. Hala ere, horiek bertan behera utzi zuten ekoizpen hau, etekin handiagoak ematen zizkien beste produktu batzuk agertu zirenean. Tabako-belarra gaur egun per capita errenta txikiko herrialdeetan baino ez da landatzen. Espainian, adibidez, Extremaduran (Espainia osoko %85) eta Andaluzian baino ez da landatzen; Italian, Mezzogiorno-n eta hegoaldean. Greziako iparraldean ere landatzen da.

 

(1) Tabacalera y el Estanco del Tabaco en España 1636-1998. Francisco Comín Comín eta Pablo Martín Aceña. Fundación tabacalera, 1999.

(2) Nuestro tabaco oscuro. Enciclopedia guipuzcoana. 2. faszikulua. Manuel Llanos y Jaime Zubia. Publicaciones Vardulia. Donostia, 1964.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua