Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Edoskitzaileak, osatitiak eta bestelako puerperio praktikak

        Duela gutxi arte, munduko herrialde gehienetan era guztietako uste eta sinismenek nagusi izan dira emakumeen antzutasunean, haurdunaldian, erditzean eta susperraldian, eta gehienetan, emakumeek pairatu behar izaten zituen sinismen horien ondorioak. Pertsona zaharrenen gogoan nahiz literatura eta hainbat ikerketetan ere  hainbat portaera harrigarri jasota geratu dira. Guri harrigarria eta sinestezina iruditzen bazaigu ere, seguru asko oso ohikoak izango ziren portaera haiek.

        Zerrenda amaigabea izango litzateke, baina adibide gisa aipatuko dugu Oñatiko Araozen zegoen Sandali (San Elias) kobazuloko urak antzutasuna sendatzen zuela uste zela, edo Jose Maria Satrustegik Medicina Popular y Ginecología lanean aipatutakoaren arabera, "emakumeari ur berotan desegindako erbiaren gibela edaten emateak ere antzutasuna sendatzen omen zuen".

        Haurdun zeuden emakumeen kasuan, autore berak adierazi zuen “ezkerreko besoan arrano-harria lotzeak umea amaren barnean mantentzen zuela eta harri bera izterreko barnealdean lasai samar lotzen bazen, erditzea azkartzen zuela”. Halaber, emakumeek era guztietako edabeak edan behar izaten zituzten. Horrez gain, usadioaren arabera beharrezkoak ziren jokabide bereziak ere jarraitu behar zituzten.

        Medikuntza herrikoia aztertu zuten autoreetako batzuek adierazi zuten landa-ingurunean haurdun zeuden emakumeek erditze eguna arte lanean jarraitzen zutela, eta ondorioz ez zela arraroa izaten landan bertan edo idi-gurdi batean erditzea, baserrira iristeko denborarik eduki gabe. Badirudi, hori nahiko ohikoa zenez, emakume asko, bada ez bada ere, erditzean beharrezkoak ziren oihal eta guzti ateratzen zirela etxetik.

        Satrustegik kontatzen zuen, Nafarroako bailara batzuetan (Burunda), erditzea eragiteko, emakumeek, egun bakar batean baserriko lan gogorrenetako hiru egiten zituztela: Ogia labean egin, arropa guztia garbitu eta menditik gurdikada bat hosto jaitsi.

        Praktika herrikoi haiek aztertu zituzten guztiek bat egiten dute, erditzearen ondotik haurrari amari baino askoz ere kasu gehiago egiten zitzaiola esatean. Amak nahikoa esnerik ez bazuen, haurrek era guztietako edabe eta nahasketak edan behar izaten zituzten, besteak beste "behien aurreko hanketako azkazalak, xehetuta". Prestakin horrek efektu handiagoa izaten zuen “xehetutako hirusta lehorrak eta ardoa" nahasten bazitzaizkion.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua