Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Espartzuginak

      Espartzua landare gramineo bat da. Landarearen luzera osoan, hirurogei bat zentimetroan, bere baitan biltzen diren hosto gogor eta zailak ditu. Hosto hauek milimetro bat lodiko multzo trinko eta zilindriko bat osatzen dute.

      Basalandare bat da, nahiz lehengo garaietan landu ere egiten zuten, normalean mila metrotik beherako garaieran kokatutako estepa inguru lehor, epel eta harritsuetan. Mediterraneoaren mendebaldeko herrialdeak oso produktore handiak izan ziren, eta espainiar inguruan Almeria, Murtzia eta Albacete nabarmentzen dira. Gaur egun duen estimu urria ikusirik, atentzioa ematen du ikusteak zenbat xedapen administratibo izan ziren, XIX. mendearen azken herenean zehar batez ere, zuntz-zuhamuxka hau babestera begira.

      Espartzu mota guztien artetik, gure inguruan “Lygeum Spartum” nabarmentzen da, “latza edo albardin” izenaz ezaguna, zurtoin multzo trinkoak, hau da, landare-multzo trinkoak osatuz hazten dena elkarren artean tartea utziz eta espartzuagak eratuz. Motel hazten da, eta denboran zehar gorabehera handiak ditu, harik eta hamabi-hamabost bat urte dituenean probetxua ateratzen hasten zaion arte; udaberrian loratzen da, eta udan zehar edo udazkenean heltzen, dagoen lurraren kokapen geografikoaren arabera.

      Espartzuak erabilera handia izan du antzina-antzinatik, alde batetik oso ugaria delako eta bestetik garai bakoitzean behar izan diren produktuetako asko egin ahal izateko erabili behar ziren teknologiak sinple samarrak zirelako.

      Sesmako (Nafarroa) espartzuginak dira gure inguruan tradizio handienekoak hainbat produktu prestatzeko unean, espartzua izan bada behintzat lehengaia. Jarduera honen gainbehera XX. mendeko hirurogeiko urteek aurrera egitearekin batera hasi zen, landa ingurua mekanizatzen hasi eta zamari kopurua murrizten hasi zenean, honekin batera murriztu baitzen batez ere alportxa eta kanpaza eskaria. Beste aukera batzuk sortu izanak ere berea egin zuen, esate baterako zainzuria lantzen hasteak eta industri herrietarako emigrazioak. Honek guztiak espartzuak bere tokia galtzea ekarri zuen, sesmatarretako asko eta askoren famili sarrerak lortzeko baliabide behinena izan ostean.

      Alabaina badira oraindik ere espartzugin apartak, lanbidea ongi asko ezagutzen baitute hainbat hamarkadatan zehar horretan jardun eta gero, eta bere jakinduria eta esperientziak eskain diezazkigukete. Eta esan beharrekoa da, halaber, Artesparto elikadura eta eskulangintza feria, Sesmako Udalak 2004ko apirilean bosgarren aldiz antolatu duena, asko ari dela laguntzen joandako garaietan hain garrantzi handikoa izan zen lanbide hau hobeto ezagutu ahal izan dezagun.

Tomas Goikoa

Tomas Goikoak eskuartean du Sesmako espartzuaga batean hartu berriko espartzua.

 


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua