Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Zurezko altzarien zaharberritzaileak

      Zurezko altzariak, hau da, zurez eginak direla higigarriak diren etxeko tresnak, antzina-antzinatik erabiltzen ditu gizakiak bere bizitza erosoago egiteko. Beste gauza askorekin gertatzen den bezala, ez da jakina gizakia noiz eta non hasi zen lehenbizi zurezko altzariak erabiltzen, ohiz egiptoarrek izan zirela lehenak esan ohi bada ere.

      Egia esan herri bakoitzak altzarietan islatu ditu garai jakin batean nagusi ziren kulturaren eta artearen kontzepzioak; horrela sortutako estiloek egunotara arte iritsi zaizkigu. Zirkunstantzia horiek balio historiko, artistiko eta soziologikoa eman diete era honetako ondasunei. Euskal Herrian nabarmena da altzariz osatutako ondarea eta egonotara iritzi zaizkigun altzari batzuk benetako arte lanak dira.

      Alabaina, altzariak, beste ondasun asko bezala, era askotako higadura jasotzen dute, eta ez bakarrik urteetan zehar izan duten erabi-leragatik, baita tenperaturaren eta hezetasunaren gorabeherengatik ere, horiek eragin kaltegarriak (deformazioak, arrailtzeak, elastikotasuna galtzea) dituztelako zurean. Gero badira beste elementu batzuk ere zura erasotzen dutenak: xilofagoak eta onddoak, edota produktu kimiko korrosiboen ondoriozko kutsadura, baita airearen bidez iristen diren zikinkeria eta hautsa ere, edota argia eta sute, uholde eta holako ezbeharrak.

      Altzari eta antigoaleko gauzen zaharberritzaileak dira ondasun horiek berreskuratzen dituzten espezialistak. Lanbide horrek prestakuntza berezia eta jakintza etengabe eguneratzea eskatzen du, edota teknika tradizionalak material eta prozedura berriekin konbinatzen jakitea; gainera, zaharberritzaileek sentiberatasun aparta eduki behar dute ondareko baliozko gauzekiko eta ondo egindako lanarenganako zaletasuna, pazientzia dosi handiarekin batera.

Intxaur zurezko altzari eskuz landua, RestaurArten. 2003an zaharberritu ondoren.

      Eskarmentuak berebiziko garrantzia dauka lan-bide honetan. Horretan ari direnek ez dute alferrik esaten "pieza bakoitza mundu bat da", horiek banan-banan tratatu behar izaten baitira.

      Hala ere, altzarien zaharberritzeari, garrantzitsua izanik ere, historikoki ez zaio merezi izan duen arretarik eman; adibidez, dokumentu, pintura, eraikin edo ehunari eman zaion garrantzirik ez du izan.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua