Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Liburu eta agirien zaharberritzaileak

      Euskal Herrian, beste lurralde askotan bezala, liburu eta dokumentu zahar asko daude, batzuk bakarrak eta ohiz kanpokoak gainera. Horiek guztiek gure kultur ondarearen atal garrantzitsua osatzen dute, beraietan geure iraganari buruzko informazio asko gordetzen delako. Horiei iraunaraztea ohiz beren gordeleku izaten diren agiritegi, liburutegi eta museoetako arduradunen esku egoten da. Ez da ahaztu behar, ordea, antikuario eta liburuzaleen eskuetan ere liburu eta agiriz osatutako altxor handia izaten dela.

      Alabaina, liburu eta agiriz osatutako ondarea era askotako kalteak jasateko zorian egoten da, ez bakarrik izan duen erabileragatik, baita kutsadura atmosferikoagatik (hezetasuna, tenperatura, argiak) edota biologikoagatik (intsektuak, onddoak, bakterioak) ere; horiez gain, kontuan izan behar dira, halaber, arratoiek eta sute, uholde eta holako hondamenek eragiten dituzten kalteak.

      Orain arte, informazioa ohiz liburu eta dokumentuetan gordetzen zen, beraz informazio horren euskarri diren liburu eta dokumentuek berebiziko garrantzia dute. Garrantzi horrek agiri horien material kaltetu edo hondatua, paperezkoa zein pergaminozkoa, berreskuratzea eskatzen du, hau da, material hori berriro bere onera ekarri behar izaten da. Lantegi hori da, hain zuzen ere, zaharberritzaileen espezialitatea, gizartearentzat berebiziko garrantzia duen eginkizuna, alegia.

      Duela gutxira arte iraun duten Arte eta Lanbideen Eskoletan ere “Liburuaren zaharberritze”ko espezialista artisauak prestatzen zituzten.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua