Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Euskal jantzigileak

      Gizakiak historian zehar era guztietako jantziak erabili behar izan ditu, eguraldi gaiztoenen erasoetatik babesteko. Janzteko moduan, alabaina, eguraldiak eragindakoez gain, beste eragile batzuek ere izan dute parte, hala nola, konbentzio moralak eta, batez ere, pertsonen harrokeriarekin zerikusi duten alderdi estetikoak. Esan daiteke, beraz, janzkeraren betekizun nagusiak, hasiera batean gorputza berotzea eta babestea zirela, eta gero norbere burua edertzea eta gizarteko taldeak bata bestearengandik bereiztea izan zirela.

      Katedral eta elizetako kapitel askotako erliebeen bidez, hala nola, iragan garaietako marrazki eta pinturen bidez, edota munduan zehar ibili diren bidaiarien kontakizunak irakurriz, besteak beste, jantziak egiteko zein material eta teknika erabiltzen zituzten jakin dezakegu, eta antzinako jantziek denboran zehar egungo jantzi sofistikatuetara iritsi arte izan duten bilakaera ikus dezakegu, baita  ondasun horren eskari masiboak sortu duen industriaren garrantzia ere.

      Euskal Herrian jantzien bilakaerak oro har beste herrialde askotako jantzien bilakaerak izan dituen ezaugarri bertsuak ditu. Jantziak hemen ere bertako eguraldiaren eraginari, material eskuragarriei eta lan egiteko moduen eskakizunei begira egokitu dira. Eta beste herrialde askotan bezala, hemen ere klase sozialen arteko bereizketa egiteko bide izan dira.

 


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua