Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Tindatzaileak

Ehungintzako produktuak egiteko, hariak oihal bihurtu behar dira, eta pentsatzekoa da horretatik ateratzen den produktuaren kolorea erabilitako lehengaien kolore bera izango dela. Baina gizakiak aspaldi-aspaldi ikasi zuen ehunei kolorea ematen, bai barietate eta gogobetetasunean irabazteko bai besteengandik nolabait bereizteko.

Tindatze-lan hau tindatzaileek egin izan dute, hau da, jantziei kolorea aldatzeko lanetan espezializatutako eskulangileek. Bestelako lanbide guztietan bezala, koloratzaileak prestatzeko teknikek izugarrizko eboluzioa izan dute historian zehar, hasiera batean batez ere landare-produktuak (txikoria-belarra, uztaoa eta intsusa, besteak beste) eta animalia-jatorrikoak (kotxinila, txipiroi-tinta eta abar) erabiltzetik, kimikaren garapenaren bidez horrelakoen fabrikazioan espezializatutako enpresek merkatuan eskaintzen dituzten tinta sintetikoetaraino helduz.

Tindatzeko koloratzailea eskuratzeko, prozesu bat segitu behar zen aurrez, hau da, lehengaiak prentsatu, birrindu edo irabiatu egin behar ziren,ur hotzetan utzi gau batez tintarako erabiliko zen kolorea atera zezaten, eta gero 60/70 minutuz irakiten egon behar zuten, ur askorekin, azkenean tindatze-lana egin behar zen ontzira isurtzeko. Animalia-jatorriko produktuekin ere prozesu bera jarraitzen zen funtsean.

Azpimarratzekoa da tindatzaileek historian zehar eragin duten mesfidantza, erlijio sinesmenek eta beraiei zegokien arloan sartzen ziren beste eskulangile batzuekiko gatazkek edo erreketako uren gaineko liskarrek eragina. Larruginen kasuan bezalaxe, eta uretan eragiten zuten kutsaduragatik, herri handietan hiriguneetatik urruneko tokietan kokatu zituzten azkenean.

Gure inguruan ospe handieneko tindatzaile ezagunenetako bat, XX. mendearen lehen erdialdean, Francisco “Patxi” Azkargorta Gisasola izan zen, eta ondoren Patxiren seme-alabak, Irune eta Francisco “Patxi” Azkargorta Arteaburu, Bergaran jaioak, hainbat hamarkadatan zehar tindatzearen artean aritu zirenak berak. Horiek lanbide honen gainean duten jakinduria eta eskarmentua oso interesgarriak dira.


Gipuzkoa.net (logo) 2014 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua