Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Emakumeak meatzaritzan

       Bizkaiko meatzaritza eskualdean, XIX. mende bukaeran iritsi zen ustiapen maila altuenera, eta ondorioz, langile kopurua ere asko handitu zen. Handik aurrera, eskariaren beherakadak meategiak itxiarazten zituen heinean, langile kopurua ere gutxitzen joan zen, zazpi hamarkada geroago, eskualde horretan meatzaritza jarduera desagertu zen arte.

       Gizarte Erreformarako Institutuak Bizkaiko meategiei buruz egindako txostenean (Madril 1904), guztira 11.411 meatzari zeudela zenbatetsi zen. Handik gutxira, 1910ean, Bizkaiko Meatze Ugazaben Elkarteak eta Bizkaiako Meategien Ikuskaritza Nagusiak, zifra hori 13.000 meatzaritan zenbatetsi zuten. Kontuan eduki behar da, garai hartan ustialekuetako langile asko, besteak beste mekanikariak, arotzak, errementariak edo nasetako zamaketariak ez zirela meatzaritzat jotzen, eta ondorioz, ez zirela kontaketa horren barne izaten.

Hondarrak

Conchako meatzari-aterpetxeko hondarrak (1994) (Gallartako Meatzaritzaren Museoa)..

       Meatzaritza eskualdean, ez zegoen nahikoa etxebizitzarik, Galiziatik, Soriatik edo Zamoratik lan bila iristen ziren guztiei ostatu emateko. Gehienetan familiarik gabe iristen ziren gizon horiek, eta aldi baterako langile gisa kontratatzen zituzten. Aldi baterako langileek meategietan aritzen zirenen % 70 osatzen zuten.  Gainontzeko % 30 langile finkoak ziren, oso gutxitan peoiak, gehienetan ezkonduta eta inguruko etxebizitzetan bizi ziren denbora askoan. Batzuetan, meategietan egindako lanak soldaduska egitetik salbuetsi egiten zituen, eta horregatik denbora batean lan egiteari uzten zioten.

       Etxebizitza gabeziaren arazo larria konpontzeko, meategietako konpainiek barrakoiak eraiki zituzten ustialekuen inguruan. Gerra Zibilaren ondoren, barrakoi horiek aterpetxe izatera pasa ziren, eta horien buru emakumeak egoten ziren askotan. Peoi-etxeek eta ostatuek ere garrantzi handia izan zuten.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua