Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Asfalto metzariak

        Asfaltoa antzina-antzinatik erabili izan da gehienbat eraikuntza lanetan, batez ere irazgaitza zelako eta eguraldi gogorra ondo jasaten duen materiala zelako. Hala ere, XIX. mendetik aurrera hasi zen bere erabilera benetan hedatzen, kaleak, pasealekuak eta plazak asfaltatzeko erabiltzen hasi zenean. Horren ondorioz, asfaltoaren inguruan industria konplexu bat sortu zen, minerala erauzi, landu eta garraiatzen zuena.

        Usadioz, asfaltoa arroketatik lortzen zen, sustantzia horren geruza bat zuten kareharri edo hareharrietatik. Hala ere, prozesu hori aldatzen joan da, eta gaur egun, asfaltoa petrolioaren parte hegazkorrenak lurrunduz lortzen da.

        Araba da Euskal Autonomia Erkidegoan industrialki errentagarriak diren asfalto-harri hobiak dituen lurraldea. Meatoki garrantzitsuenak Arraia-Maeztu, Atauri, Kanpezu, Korres eta Urizaharrakoak dira.  Diana de Loza meategietatik (Urizaharra), eta bate zere San Ildefonso meategitik, Korres eta Atauri artean kokatua, erauzi da asfalto kantitate gehien. Bi meategi horiek Arabako meategien adibide garbiak dira. Ustiapena XIX. mendean areagotu egin zen, batez ere frantses aholkularitza eta inbertsioei esker.

Korresko asfalto lantegia

Korresko asfalto lantegia, XX. mende hasieran (Geografía General del País Vasco-Navarro).

        Sozietate eta pertsona askok ustiatu dituzte asfalto-arroka meategiak. Horien artean aipagarria da Compañia de Asfaltos de Maeztu, 1892ko apirilaren 23an besteak beste Ramon Usabiaga eta Lejarza donostiar inbertitzailek sortutakoa. Enpresaren ibilbidean gora-behera handiak izan arren eta petroliotik eskuratutako asfalto industrian lehia handia egon den arren (XX. mende hasieratik aurrera), gaur egun arte bizirautea lortu du. Kanpezuko Compañía de Asfaltos Naturales 1930 inguruan sortu zen. Hasiera batean inguruko asfalto arrokak erauzten zituen, baina geroago petroliotik eratorritako industria asfalto eta mundrunak egitera pasa zen.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua