Itsas portuko pilotuak

Itsasontzi bat porturatzen denean nabigazioarekin zerikusi duten arriskuak areagotu egiten dira eta aldi berean maniobratzeko gaitasunak ere murriztu egiten dira. Portuetan sakonera gutxitu egiten da eta uraren hondoan era askotako arriskuak ezkutatzen dira, maniobratzeko lekua gutxitu egiten da eta portuak oztopoz beteta egoten dira, eta gainera trafiko guztia iragan bidean biltzen da. Ontziko kapitaina askotan ezagutzen ez duen leku batean aurkitzen denez, laguntza behar izaten du holako egoeratan nabigatzeko. Laguntza hori, hain zuzen, itsas portuko pilotuak emango dio.

Itsas portuko pilotua, beraz, eskarmentu handiko itsasgizona izaten da, ontziak portuan portuko egoeraren arabera maneiatzen espezializatu dena. Portuko pilotua ontzira igotzen da itsasontzia portuko uretara iristen denean eta ontzitik jaisten da ontzia portutik ateratzen denean. Ontzira igotzen denean kapitainarekin lankidetzan aritzen da nabigatze eta maniobratze lanetan. Ontzia portuan gidatzeko aholkularitzat jotzen da, baina portuko pilotua ontzira igotzeak ez dio inolaz ere ontziaren agintea kentzen kapitainari.

Nabigatzeko sistemak, ontzien tamainak, zamaren ezaugarriak eta itsas trafikoaren dentsitateak aurrera egin ahala, portuko pilotuen lana, ontziko kapitainarentzat lagungarria izateaz gain, zonaren babeserako elementu garrantzitsu bihurtu da, istripu bat gertatuz gero eragin larriak sor daitezkeelako inguruko biztanleentzat, ondasunentzat edota ingurumenarentzat. Horregatik guztiagatik, Administrazioak arlo honetan duen eskuartzea geroz eta handiagoa da, eta herrialde batzuetan portuko pilotua funtsezko zerbitzu publikotzat jotzen da.

Batzuen iritziz portuko pilotuen eginkizuna eta aireportuetako hegaldi-kontrolatzailearen eginkizuna nahiko antzekoak badira ere, bien arteko diferentziak handiak dira, zeren hegazkinen trafikoan pilotuak hegazkina beti berak maniobratzen du kontrol dorretik pilotu izan beharrik ez duen kontrolatzaileak ematen dizkion informazio eta aginduen arabera. Itsas portuetako pilotua, ordea, itsasgizona da kapitaina bezala eta ontzira igotzen da eta handik aritzen da aginduak zuzenean ematen. Tamaina handiko ontzi batekin portu barruan maniobratzeko beste zerbitzu batzuen laguntza behar izaten da: atoiontziak, maniobrak errazteko eta amarratzeko laguntzaileak eramateko tamaina txikiko ontzi bereziak, eta ontzia lehorrean lotzeko behar diren lokarri eta sokak maneiatzeko lan taldeak. Horiek ontzia lehorreratu eta kaian dagokion amarralekuan lotzeko laguntzen dute, betiere itsas portuko pilotuak gidatuz eta koordinatuz.

Itsas portuko pilotuakLos prácticos tratan de evitar los accidentes, como el que se refleja en la fotografía ocurrido en Pasajes.

Portuko lanbidea antzinakoa da oso eta nahiko berezia. Urteetan zehar portuetako ontzien bilakaera eta itsas trafikora egokituz joan da lanbidea. Portuko pilotuak gaur egun funtsean honako eginkizunak betetzen ditu:

  • Ontzia nabigatzea eta maniobratzea portuan kapitainaren laguntzarekin.
  • Ontzitik gertu dabilen trafikoa antolatu eta koordinatzen laguntzea.
  • Atoiontziek eta amarratzeko laguntzaileek egiten dituzten operazioak antolatu eta koordinatzea.
  • Ontzia maniobratzeko gailuen funtzionamendua ikuskatu eta atzematen dituen gabezien berri ematea.
  • Portuko uretako nabigazioari dagokionez, segurtasun eta larrialdi neurrietan parte hartzea.

Mundu mailan portuko pilotuen zerbitzua profesionalek beraiek kudeatzen dute, eta beraiek jartzen dituzte laguntza horretarako ontziak, instalazioak eta laguntzako pertsonala. Segurtasun arazoengatik portuko pilotuen zerbitzua ez da erabat librea izaten, Administrazioak berari dagozkion eskuduntzen arabera funtsezko kontrol maila bat ezartzen baitu. Hala, gutxieneko izaeraz bada ere, Administrazioaren eskuduntzakoak izan ohi dira honako eginkizunak:

  • Itsas portuko pilotu baimena lortzeko betekizunak zehaztea.
  • Portu, zona edo ainguraleku bakoitzerako tarifak ezartzea.

Alabaina, herrialde batzuetan Administrazioaren eskuartze hori askoz ere handiagoa izan daiteke, eta portuko pilotuak funtzionarioak edo estatu, tokiko administrazio edota portuetako agintaritzako langileak baino ezin dira izan.

Euskadin, itsas tradizio handikoa izanik eta portu garrantzitsuekin gainera, itsasoarekin zerikusi duten lanbideek berebiziko garrantzia izan dute, baita itsas portuko pilotuarenak ere. Badira, halaber, lan hau ibaietan ere egiten zeneko aipamen zaharrak.

Portuko pilotuek aldez aurretik itsasgizonak izan dira, eta duela gutxira arte lanbide horretan gizonezkoak aritzen ziren bakarrik. Gaur egun, hala ere, emakumea itsas lanbideetara ere iristen denez, jada hasi dira hainbat herrialdeetan, hala nola Herbeherean eta Frantzian, emakumezko itsas portuko pilotuak ikusten.