Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Portuko zamaketariak

      Ontzietako karga eta deskarga lanak zein karga horiek ontzian bertan antolatzekoak itsaso bidezko merkantzia garraioa bezain zaharrak dira. Garai batean, gaztelaniaz arrumaje ere esaten zioten zama ezartzeko lan honi, dupak, kupelak eta barrikak zituztenean kargatzat.

      Zama antolatzea esaten denean, ulertu behar da lan hau merkantziak ontzian kokatzeko lana dela, kontuan harturik inolaz ere kargaren egonkortasuna eta nabigaziorako izan dezakeen tokirik onena, bil daitezkeen produktu motak bateragarriak izatearekin eta zamalanak modurik zentzuzkoenean egiteko moduarekin batera. Antolatutako zama hori ateratzean, berriz, kargamentuak sotoetatik ateratzen dira, lehorreratzen hasteko prest jarriz.

      Zamak antolatzeko funtsezko kontua, beraz, honakoa da, ongi jakitea merkantziak, halako bilgarri batez, ontziko zein tokitan kokatu behar diren, eta nola, merkantziak norako diren ere kontuan hartuta. Lan honek, historian zehar, eskuz egindako zati handi bat izan du, ahalegin fisiko handia ere eskatu du, eta era askotan egin izan da. Azken hamarkadetako bilakaera teknologikoak aldaketa garrantzitsuak ekarri ditu eginkizunotan eta hauetako espezialistak diren portuetako zamaketarien kopuruan.

      Langile hauen antolamendu profesionalak ere mamizko aldaketak izan ditu; dena den, profesional hauek eutsi egin diote bere interesen defentsaz kontzientzia hartua duen talde jarrerari.

      Ikuspegi global batetik itsas garraioarentzako alternatibarik ez egotean portuak -hauetan gauzatzen da lurreko komunikazioekiko lotura- funtsezkoak dira edozein herrialderen ekonomiarentzat, eta ondorioz zamaketariak -eta portuko beste zenbait langile talde- oso-oso garrantzitsuak zaizkio, ezinbesteko elementua baitira instalazio hauen funtzionamendu egokirako.

      Euskal Herrian, itsas garraioan tradizio aipagarria eta portu garrantzitsuak izaki bertan, zamaketariek betetzen duten lana oso garrantzi handikoa izan da beti, eta bada gaur egun ere.

Deskargatzaileak

Deskargatzaileak. Aurelio Artetaren freskoa.

 


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua