Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Ontziolako arotzak

      Iraganean, arrantzarako eta garraiorako egurrezko ontziak egitea oso jarduera garrantzitsua izan zen gure kostaldean. Lan horretan aritzen ziren artisauak ontziolako arotzak ziren.

      Euskal marinel, arrantzale eta ontzigile lehen erreferentziak Erdi Aro bukaerakoak dira. Lanbide horiek, logikoki denboran zehar aldatu diren arren, gaur egun arte bizirik iraun dute. Lurraldea txiki izateaz gain, lehengai ugari zegoenez (batez ere egurra eta burdinoletan egindako burdinkiak), eta armadore nahiz artisauek trebetasun handia zutenez, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldean itsasoarekin zerikusia izan duten lanbideek garrantzi sozio-ekonomiko handia izan zuten, eta ondorioz, funtsezkoak izan ziren Euskal Herriko garapenean.

      XII. mendetik XVIII. mende bukaera arte, euskaldunak merkataritza eta arrantzako kabotaje-marinelak izan ziren, eta handik aurrera alturako nabigaziora pasa ziren. Hala ere, beti izan zuten ospea egurrezko ontzigile gisa.

      Haiek egindako ontzietan itsaso bidezko merkataritza egiten zuten. Horri esker, lurraldeko produktu nagusiak esportatzen zituzten: batez ere burdina eta haren deribatuak. Hori zela eta, barnealdean industria garrantzitsua garatu eta mantendu zen, eta horrez gain, Euskal Herrian eskasak ziren produktuak inportatzea lortu zen, esaterako garia eta bestelako jakiak. Halaber, Euskal Herriko ontziek Gaztelako artilea Europako merkatuetara esportatu zuten, eta horrek aberastasun handia ekarri zien, batez ere Euskal Herriko kostaldeko herriei.

      Aipatutako merkataritza jarduerez gain, arrantzan ere aritzen ziren, bai kostaldekoan baita alturakoan ere, azken horretan batez ere bale-arrantzan. Horri guztiari esker, arrantzak eta ontzigintzak garrantzi handia izan zuten, eta XVI. mendean iritsi ziren puntu gorenera.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua