Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Alga-bilatzaileak

      Algek uretako floraren zati nagusiena osatzen dute eta euskal kostaldean landare ugarienetakoak ditugu. Beti klorofilaz hornituak daude, eta zelulabakar eta harizpi itxurakoak izan daitezke bai eta zelulaniztunak ere. Ez dute lorerik izaten eta haien organismoan sustraiak, zurtoinak eta hostoak ez dira bereizten. Sexu bidezko ugalketaz edo ugalketa sexugabeaz ugaldu daitezke. Algen artean espezie ugari daude, eta askotan koloreaniztuneko zelaiak osatzen dituzte itsas hondo harritsuetan. Gainerako izaki bizidunen antzera garatzen dira, inguruneari egokituta. Eguzkiaren argitasuna behar dute, eta ondorioz, eguzkiaren argirik iristen ez den itsas hondoetan ez da algarik izaten.

      Landare hauek ezaugarri primitiboak gordetzen dituzte, ia garapenik gabe, eta antzinatik dira ezagunak. Funtsean lau taldetan sailkatzen dira: Urdinak (zelulabakarrak), berdeak, arreak eta gorriak (zelulaniztunak). Hainbat herrialdetan, Asian batez ere, espezie batzuek duten hazkurri balioarengatik gizakien elikaduran erabili izan dira tradizionalki, lehortu eta, zenbaitetan egosi ondoren, beste hainbat janarirekin nahastuta, arrozarekin esate baterako. Horretaz gain, soroetan ongarri gisa erabili izan dira eta abereentzako pentsua egiteko ere bai. Algak oinarri hartuta beste hainbat produkturen artean gatzak (soda eta potasa) eta iodoa lortu dira, eta botikan eta antzinako terapeutikan ere erabili izan dira, batez ere txaplatak egiteko.

Zumaia

Bainulariak eta algak Zumaiako Itzurun hondartzan XX. mendeko bigarren erdian (Javier Carballok egindako argazkia) .

      Aspaldiko elezahar japoniar baten arabera, “agar-agar” produktua izozte bidez, irakinaldirik gabe, lortu izanaren deskubrimendua ustekabean gertatu zen. Kontakizun horren arabera, neguko gau hotz batean, “gelidiumaren”  estraktuekin prestatutako zopa bat egurats zabalean geratu eta solidotu egin zen. Urtu zenean, produktu baten xafla finak zeudela konturatu ziren. Produktu hori lehortuz gero, saldak presta zitezkeen, ur berotan urtuta soilik. 

      Euskal Herriko kostaldean, iraganean, algak animalientzako azpiak egiteko erabili izan dira eta, zenbaitetan simaurrarekin nahastuta ongarriak egiteko, batez ere sagastietan botatzeko. Animalientzako janariak ere prestatu izan dira, neurri txikiago batean bada ere, beste hainbat produkturekin batera.

      Orain dela urte gutxi arte, algak biltzeko lana ahalegin handiko lana zen, etekin ekonomiko txikia ematen zuena, baina eskaria handitu den neurrian saltzeko prezioak nabarmen igo dira. Era berean, jarduera industrializatu egin da eta kostaldeko biztanleentzat diru iturri handia ekarri du.

 

(1) José María Gorostiaga eta Gustavo Renobales.Vegetación litoral. Algas y líquenes de la costa vasca. Itxasoa 2. El mar de Euskalherria. La Naturaleza, el hombre y su historia. Etor Argitaletxea, 1989.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua