Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Forjako trokelgileak

        Iraganean, oso teknika hedatua izan zen errementariek materialei gutxi gorabeherako formak emateko estanpa edo trokel bakunak erabiltzea.

        Funtsean bi altzairu puskaz osatuta egoten ziren, eta bakoitzak eskuratu nahi zen piezaren forma erdia zuen, hutsean grabatuta. Piezetako batek zurtoin bat zuen, ingudeak zituen zuloetako batean sartu eta pieza behar bezala finkatzeko. Piezaren gainean landu beharreko burdina puska jartzen zen, aldez aurretik sutegian gori-gori jarri arte berotzen zena, eta horren gainean beste estanpa, egurrezko kirten batekin helduta.

        Errementariak mailuz goiko estanpa kolpatzen zuen, eta horrela lortu nahi zen pieza eskuratzen zuen. Estanpa edo trokel horiek errementariak berak egiten zituen, mailua eta karraka erabiliz.

        Sistema hori lehen industria-lantegietara ere hedatu zen. Hori zela eta, XIX. mendeko azken herenean, esaterako Soraluzeko Euskalduna arma-lantegian, piezak eskuz egiteko estanpa ugari erabiltzen ziren.

        XIX. mende erdialdera, Europan mailu mekanikoak agertu zirenean, eta gero pieza-serie zabalagoak egiten hasi zirenean, ordura arte erabilitakoak baino estanpa handiagoak eta konplexuagoak behar ziren, eta horretarako tresna iraunkorragoak behar ziren.

        Estanpa edo trokel berri horiekin batera sortu zen forjako trokelgileen lanbidea.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua