Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Burdinola

       Orain aipagai dugun instalazioa, hasera batean Gipuzkoan hain ugari ziren burdinola hidraulikoetako bat izan zen. Horietan meatzetatik abiatuta burdina lortzen zuten, meatzea ikatz begetalekin urtuz, eta jarraian, gurpil hidrauliko batek bultzatutako mailu handi baten bidez jotzen zuten metalarekin batera agertzen ziren zaborrak kentzeko, era berean nahi zituzten forma eta neurriak ematen zizkioten, eta gero saldu egiten zuten eta tresnak ateratzeko erabiltzen zuten.

       Gaur egun instalazio horietatik azpiegitura hidraulikoa, presa, ubidea eta depositua bere zulo hidrauliko eta guzti geratzen dira. Garai batean tailerra eta biltegiak izan ziren gelen orma lodi batzuk baino ez dira geratzen. Orma horiek gelen banaketa adierazten dute eta gaur egun etxarte eta lastategi gisara berrerabilia dira.

       Ondoren, data ez dakigun arren, lehen aipatu dugun metodoa erabiliz kobrea urtzen eta pertzak eta toberak egiten hasiko ziren. Horretarako beharrezkoa zen burdinola, eta horri haize eman beharra zegoen sua pizteko. Su horri haize emateko urak bultzatutako gurpil baten ardatzak eraginda puztu eta husten ziren hauspoen bidez egingo zen. Eta jarraian, mailu hidrauliko baten bidez joko zuten, seguruenik gabi batekin. Mailu hori ere Toberagilen bertan egongo zen, edo F. Lasak aipatzen duenaren arabera Bekolan (baliteke Ibarluze burdinola izatea) (9) ibai berean 500 metro gorago zegoen eta. Guzti horrek ziurrenik ere burdinola zaharrari berrikuntza batzuk egitea eskatuko zuen kobrea lantzeko lanbide berrira egokitu ahal izateko.

       Burdinola guztiek bezalaxe hemen ere presa bat dago zapata bidez egindakoa, Ibaieder ibaian gora egina dago, eta jauzi artifizial bat sortzen zuen, eta ura 3 metro inguruko zabalerako eta 310 metro luzerako ubide batera bideratzen zuen. Ubide horretatik ura ate-aitzinera  iristen zen, zulo hidraulikoa osatzen duten orma lodiek eusten duten bobeda baten gainean dagoen depositu altua, harlankaitzea eta harri landua erabiliz egindako.

       Depositu altu horrek 18 metroko luzera du, 1metro lodiko ormak eta barnealdean 2,20 metroko zabalera, jauziaren altuera handiena 2,590 metrokoa da.

       Beheko aldean, zuloan, gurpila edo gurpil hidraulikoak kokatzen ziren, eta horiek hauspoak eta mailua mugitzen zituzten.

       Azpiegitura horren aldamen batean forja tailerra eta ikatza eta materialak gordetzeko biltegiak izan zirenaren arrastoak gelditzen dira, 1metroko lodierako orma gogorrez  mugatuak daude.

       Gune horren angeluetako batean dago Lapeira familiako egungo kideek, etxean bizi direnek, diotenaren arabera, eta itxura denez, kobrea urtzeko erabiltzen zuten sua.  1,30 metroko zabalera eta beste hainbesteko luzera duen gune bat da, harrizko orma lodiez mugatua eta harlanduzko arku batez estalia dago, eta gainean keak ateratzeko zulo bat du.

Miguel Lapeira

Miguel Lapeira errotaria bere lanean 1980 urte aldera. (Antxón Aguirre Sorondoren Argazkia) .

 

(9) Lasa, Fr J.I. La comarca del Ibai Eder. C.A.M.


Gipuzkoa.net (logo) 2007 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua

XHTML 1.0 Egiaztatuta! CSS Egiaztatuta! AAA mailarekin adostasuna, W3C-WAI Web Edukien irisgarritasun araudia 1.0