Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

XIX. mendeko lantegi bat

        Errezilgo Etxeaundi Bekoa baserriko Atxukarrotarrak perratzaile eta errementariak izan dira hainbat belaunalditan, lanbidearen sekretuak eta familiaren lantegia aitarengandik semeengana pasaz. Lantegia baserriari atxikita zegoen, eta bi eraikinez osatuta zegoen, bata bestearengandik 30 metrora kokatuta.

        Fermin (1838an jaioa) aipatutako jardueretan espezializatu zen eta bere seme Antoniori erakutsi zion lanbidea. Antoniok ere bere seme Fidel eta Simoni erakutsi zien lanbidea. Baserriaren egungo jabeak (Simon Atxukarro Urdalleta, 1943) beste lanbide bat ikasi behar izan bazuen ere, oraindik bere arbasoen lanbidearekiko errespetua eta mirespena mantentzen ditu. Izan ere, Atxukarrotarrak errementariak ziren, eta erremintak nahiz nekazaritzarako lanabesak egiten zituzten, besteak beste laiak, aitzurrak, segak zorrozteko ingudeak, hortzik gabeko igitaiak (garia mozteko) edo horzdun igitaiak (arbiak jasotzeko), saskigileentzako hortzak, egurretarako iltzeak eta harginen laztabinak. Baina familia horren espezialitatea aizkorak dira, horregatik izan baitziren ezagun. Hori zela eta, aizkolariak lantegira bertara joaten ziren, eta bertan beren gorputz eta estilora egokitutako aizkorak enkargatzen zituzten, lehiaketetan erabili ahal izateko.  Atxukarrotarren bezero nagusiak Azpeitia, Zumarraga, Urrestilla eta Tolosa aldekoak izaten ziren, eta batzuetan Nafarroatik ere joaten omen zitzaizkien bezeroak. Fermin Atxukarroren garai berean, Jeronimo Zabaleta Zegamarra eta Fidel Garciarena Leitzatarra ere aritu ziren aizkoragintzan.

        Atxukarrotarrak 1950eko hamarkada erdialdera arte aritu ziren aizkorak egiten. Handik aurrera, era industrialean egindako aizkoren lehiaren ondorioz eskaria asko gutxitu zenez, lanabesak zorrozten eta lehiaketetarako aizkorak bakarrik egiten hasi ziren. Aizkoragintzan aritu ziren beste artisau batzuk Leitzako Ervititarrak, Ola Berri errementeriatik eratorritakoak (1840 aldera); Hernaniko Juan Jauregi eta Ezkioga lantegia izan ziren. Azken lantegi horretan Australiatik inportatutako aizkorak prestatzeaz gain, horiei azken ukitua ere ematen zieten.

        Sendiari buruzko idatzizko erreferentzia bakarra honakoa da: 1931ko maiatzaren 30ean Ur Publikoen Erregistro Liburuan, Errezil ibaian segundoko 1.225 litro ur “energia sorrarazteko” erabiltzeko baimena Atxukarro Arzallus anaien alde, “20 urte baino gehiagoz erabili izanagatik”.   Jauzia bi metro ingurukoa zen eta gorakadak 0,30 ingurukoak.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua