Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Atezainak, zerrenda-arduradunak eta kronometratzaileak

       Gipuzkoako industriaren garapena oso garrantzitsua izan zen XIX. mendeko berrogeiko hamarraldian, garai hartarako nahiko handiak ziren fabrikak abian jartzearen ondorioz. Fabrika horiek herrialde osoan zehar barreiatu ziren eta ibar bakoitza sektore bakar batzuetan espezializatu zen. Hala, denborak aurrera egin ahala, ibar edo eskualde bakoitzean garatu zuten jarduera nagusiek goitizena eman zioten eskualdeei: Eibar armaginen eskualdea, Bergara mahoneroena, Mondragoi sarrailagileena, Azkoitia abarketagilena, Tolosa papergileena, Beasain bagoneroena, Oñati txokolategileena eta Errenteria gailetagileena.

       Oria arroan hainbat paper fabrika hedatu ziren: Esperanza (1841), Echezarreta (1843) eta La Providencia eta Araxes, biak 1858an. Bergara ehungintzan erreferente garrantzitsua izan bazen ere, aipagarri gertatzen dira Brunet y Cia (1845) Oria eskualdean, La Sociedad de Tejidos de Lino (1845) Errenterian, La Fabril lanera Zarautzen eta La Casualidad Tolosan. Deba arroan armagintza izan zuten espezializazio nagusia, batez ere Soraluze, Eibar eta Elgoibarren. Eibarren Orbea (1840) eta Resusta y Vergarajauregui aipatu behar dira 1869an sortu zuten sarraila fabrikagatik; hori geroago Unión Cerrajera de Mondragón bihurtu zen.

       Aipatu beharrekoak dira, halaber, industriaren garapenak Irunen izan zituen eragozpenak arrazoi fiskalak tarteko. Horiek direla eta, ez zuen izan probintziako beste eskualde askok izan zuten garatzeko aukerarik. Porcelanas del Bidasoa (1858) izan ezik, ia beste guztiak Errenteriara bideratu ziren, hala nola, aurrean aipatu dugun Sociedad de Tejidos de Lino (1845). Goierrin aipatu beharrekoa da Fábrica de Hierros de San Martín (1860), Beasaingo Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresaren aurrekoa izan zena. Aldi berean, Urola Behean, Arroan (Zestoa), lehen zementu fabrikatzat jo daitekeen Nuestra Señora de los Dolores jarri zuen abian 1859an Eusebio Gurruchagak.

Alfa

ALFAko langileak atezaindegiaren aurrean XX. mendearen erdialdera (ALFALAN, SAk utzitako argazkia).

       Baina, 1876an, II. Gerra Karlistaren amaiarekin batera XX. mendearen lehen herenaren hondarretaraino iraun zuen garapen garrantzitsua izan zuen Gipuzkoako industriak. Garapen horren ezaugarritzat aipa daitezke ordura arteko produkzioak izan zuen gorakada, produktu berriekin hastea –batez ere metala eraldatzearekin zerikusi dutenak–, eta kontsumo ondasunen dibertsifikazioa. Fabrikazioan erabiltzen ziren teknologiek ere berebiziko garapena izan zuten.

       Gerra Zibilaren aurreko gorabeherak jasan eta gerra bera amaiturik, egoera berriro lehengora ekartzeko ahaleginak hasi ziren, testuinguru politiko eta sozialetara egokitutako enpresa erakundeen eskutik. Horiekin batera, lanbide eta lan berriak sortu ziren, adibidez, atezainak, zerrenda-arduradunak eta kronometratzaileak. Lanbide horiek gaur egun desagertuta daude edota erabat aldatuta iritsi zaizkigu.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua