Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Eredugileak

        Usadioz, ereduak erreferentzia gisa erabili izan dira industrian. Erreferentzia horiek kopiatuz, era guztietako pieza eta ekoizpen baliabideak eskuratu izan dira. Duela hamarkada gutxi arte, eredu horiek eskuz egiten ziren. Ereduak horretan espezializatutako artisauek egiten zuten: eredugileek. Artisau horiek, trebetasun eta ezagutza handia izateaz gain, urte askotako eskarmentua izaten zuten.

        Cruz Villar Arrasatearrak ederki ezagutzen du eredugileen mundua. Haren aburuz, galdategietarako ereduetan espezializatutako profesional batek egurra lantzen jakin behar zuen, baita planoak interpretatzen ere. Horrez gain, galdaketari buruzko ezagutza sakona izan behar zuen, hark aztertu eta erabakitzen baitzuen nola eskuratu behar zen pieza bakoitza. Trokelen kasuan ere ezagutza haiek guztiak izateaz gain, aparailu haiek nola funtzionatzen zuten ere jakin behar zuen.

Galdategia

Unión Cerrajera lantegiko galdategia, ireki eta handik gutxira (1908).

        Ikastunak 14 urterekin hasten ziren lanbidea ikasten, betiere eredugile aditu baten ondoan. Hasiera batean lan errazak egiten zituzten, eta poliki-poliki gero eta lan konplexuagoak egiten hasten ziren. Ikastuna trebea bazen, 8 urte inguru igaro ondoren, eredu konplexuak egiteko gai izaten zen.

        Deusto, Ferrol eta Cartagenan galdaketako eredugileentzako eskolak zeuden, eta denak ontzigintzari lotuta zeuden. Hala eta guztiz ere, ikastun gehienek maisu batekin ikasten zuten lanbidea. Pasaiako eskualdetik ere eredugintzari buruzko ezagutzak hedatu ziren. Hain zuzen ere, ezagutza horiek Deba arroraino iritsi ziren, eta han, 1930eko hamarkadan lantegi ugari ireki ziren.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua