Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Litografia-grabatzaileak

       XV. mende erdialdean, Johannes Guttembergek inprenta asmatu zuenean, informazioa eta jakintza idatziz helarazteko iraultza bat izan zen. Teknika berri horri esker, testuak berun-aleazioz egindako letra eta tipoz osatutako hitzez egiten zituzten. Hala ere, sistemak horrekin ezin ziren paisaiak, eszenak, planoak, mapak eta detaile handiko irudiak egin. Hori zela eta, irudi horiek paperera pasatzeko beste teknikak erabiltzen jarraitu zuten, batzuk inprenta asmatu baino lehenagokoak.

       Lehen teknika egur edo metal gaineko grabatua izan zen, gero akuaforte grabatua (XIV. mendea) eta ondoren similigrabatua (XVII. mendea), baina kopia asko egiteko bigarrena bakarrik erabili zitekeen.

       Inprenta asmatu ondoren, laurogei urte baino gehiago igaro behar izan ziren litografiaren garapena eta zabalkundea hobetzeko. Litografia izena “lithos” (harria) eta “grafia” (kopiatu) greziar terminoetatik dator.

Inprenta lantegia

Juan Gensfleisch de Selgeloch edo Juan Gutembergen inprenta lantegia.  Alemaniako Mainz hirian inprentaren asmatzaileari egindako museoan berreginda dagoena.

       Denbora gutxian, toki, paisaia edo bestelako eszenak azaltzen ziren laminadun argitalpenak asko hedatu ziren. Horri esker onura gehien lortu zuen arloa kartografia izan zen. Izan ere, litografiari esker, mapak eta planoak inoiz lortu gabeko detaileekin hedatu ahal izan ziren.  Litografia diru-papera eta zerga-zigiluak egiteko erabiltzen hasi zirenean, horiek azkar eta merke garatzea lortu zen.

       Litografiari esker lanbide berriak azaldu ziren, besteak beste erreportalariak eta prentsa-zapaleko makinistak. Baina guztien artean gaituenak litografia-grabatzaileak ziren.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua