Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Linea-jartzaileak

       Gizakiak antzina-antzinatik izan du nolabait argiztatzeko premia eguzkiaren argirik izan ez duenean, eta horretarako batez ere sua erabili du. Su hori era askotako materialez (koipeak, betunak...) egin izan du, eskuz berariaz egindako era askotako tresnetan.

       Iraganean zuziak, lastargiak eta kandelak aurrerapauso handia izan baziren ere, herrietako argiztatzeak ez zuen arreta handirik merezi izan, ez eta argiteria pribatuak ere.

       Duela gutxira arte, otoi kanpaiak jotzen zirenean denda eta etxebizitza guztiak itxi eta kaleak erabat ilun gelditzen ziren, beraz kaletik zehar ibili behar zuenak eskuargiren bat eraman behar izaten zuen paperez edo ehunez egindakoa: horri ontzitxo biribil bat jartzen zitzaion eta hor jartzen zen gau-argia. Gauez gertatzen ziren bidegabekeria eta lapurretek zigor latzak jartzera behartu zituzten agintariak, baita kaleak argitzeko moduak bilatzera ere. Gauza bitxi bezala, aipatu behar dugu XVII. mendearen hondarretan Parisen argi-mutil zerbitzu bat jarri zutela; horiek honenbesteko baten trukean bidea argitzeko laguntzen zioten bezeroari.

       Aurrerapen handia izan zen kaleak argitzeko sistema erabiltzen hastea. Lehenbizi Frantziako hiriburuetan hasi ziren sistema hori erabiltzen, eta gero gainontzeko hiri nagusietara hedatu zen: kale kantoi bakoitzean eta kalearen erdian jartzen ziren linternak, eta neguko ordu jakin batzuetan baino ez zituzten pizten, edota beste urte sasoiren bateko “ilargi gabeko gauetan”. XIX. mendean zehar, aurrerapauso handiak eman ziren kaleak argiztatzeko petrolioa edo gasa erabiltzen hasi zirenean; gero etorri zen elektrizitatea. Espainian, Sustapen Ministerioaren 1858ko azaroaren 28ko Errege Dekretua eman arte, Industria Ingeniaritzako Goi Eskoletan ez zuten ikasten elektrizitatearen eta argiaren erabilerarik.

       Euskal Herrian argikuntzaren bilakaerak funtsean ezaugarri bertsuak izan zituen: ibai ertzetan zeuden burdinola eta errotek, edota geroz eta gehiago ziren enpresek zuzenean erabiltzen zuten energia hidraulikoa energia elektriko bihurtzen hasi ziren. XIX. mendearen azken herenean, ekimen ugari agertu ziren energia elektrikoa sortzeko. Hala, 1883. urtean lurrin-makinen bidez elektrizitatea sortu eta Abrako balizak argiztatzeko proiektua aurkeztu zen; sozietate espezializatu asko eratu ziren; eta argikuntza publikoari bultzada handia eman zitzaion. Hasiera batean, elektrizitatea gas pobreko motore termikoez lortzen zuten eta horrekin korronte zuzeneko dinamoak elikatzen zituzten. Hala ere, energia hidraulikoa ere erabiltzen zen, baina kontsumoa ur-jauzitik gertu zegoenean baino ez.

       XIX. mendearen azken hamarralditik aurrera korronte alternoaren erabilera maila guztietara hedatu zen. Korronte horrek, tentsio garaietara (voltioak) eraldatu ahal izatean, aukera ematen zuen energia elektrikoa galera gutxirekin edozein lekutara eramateko; ondorioz, energia edozein lekutan eskura izanik, industriak eta teknologiak garapen garrantzitsua izan zuten. Alabaina, mende erdia geroago, gure herrialdean energia elektrikoaren hornikuntza uste izatekoaren azpitik zebilen, Bergarako Udalaren argi eta uraren zinegotzi batzordeburuak 1935eko apirilaren 13ko batzordean adierazi zuenez: “Udalaren ur hornikuntzako instalazioak hondamen egoeran badaude ere, ez daude egoera hobean argikuntza publiko eta pribaturako indar elektrikoa hornitzekoak”.

       Landatar inguruan, ordea, iragan mendeko hirurogeiko hamarkadaraino itxaron behar izan zuten argiaren instalazioak (elektrizatze egitasmoak) zabaltzen ikusteko.

       Elektrizitatea zabaltzeko eginkizun horretan hainbat lanbide berri sortu ziren, batzuk besteak baino garrantzi handiagokoak edo txikiagokoak. Lanbide berri horietako batek langile adituak eta askotan eguraldi txarrarekin lan egitea eskatzen zituen. Lanbide berri horretan lan egiten zutenek kable elektrikoak jartzen zituzten eta langileei “linea-jartzaileak” deitzen zitzaien. 


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua