Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Igitaigile eta segagileak

        Esku bakar batekin landareak mozteko segak edo antzekoak erabili izan ditu gizakiak. Lehen aztarna neolito garaikoa da, orduan horrelako tresnak egur edo hezur pieza batekin egiten ziren, bertan silexezko hortzak txertatuta. Brontze Aroan, brontzezko segak egiten zituzten: hobi formako ertz bat egiten zioten, bertan egur puska bat sartzeko, kirtena alegia. Burdin Aroan, sega eta igitaiei behin betiko forma eman zieten: lodiagoak, zorrotzagoak, kakotuagoak eta buru forman amaituak (1). Beraz, esan daiteke, dagoeneko aro hartan tresna horietako batzuk altzairuzko xafla zutela, alde ahurrean okerra; eta beste batzuk, berriz, hortz zorrotzezko xafla. Aro hartan, egurrezko kirtena eta aho zuzena zuten igitaiak ere erabiltzen zituzten.

        Mitologia klasikoaren arabera, Saturnok erakutsi zien gizakiei garia eta belarra mozteko sega erabiltzen. Joxe Migel Barandiaranen arabera, herri-ustean, igitaiak etxeak tximistetatik babesteko ahalmena zuen. Horretarako, igitaia makila baten puntan jarri behar zen, bertikalean, etxeko atarian.

Segalariak

Segalariak (1925) (Fototeka Kutxa) .

        Sega lur-arrasean erabiltzen da, eta igitaiak baino hortz zorrotzagoa, zuzenagoa, zabalagoa eta luzeagoa dauka, eta egurrezko kirten luzea. Kirtenak angelua osatzen du xaflarekin, eta horrez gain, bi eskuleku ditu, bata ertzean, eta bestea kirtenaren bigarren herenean, horrela sega bi eskuekin heltzeko. Mitologia klasikoaren arabera, oso tresna zaharra da, Gea jainkosaren garaikoa, eta iraganeko taila eta erliebe askotako motibo nagusia.

        Nekazaritza lanen mekanizazioaren ondorioz, lau, bost, sei edo segalari gehiagoz osatutako koadrilak desagertzen joan ziren. Talde horietan batek buru egiten zuen, eta denak batera zelaiak zeharkatzen zituzten (Euskal Herrian, batez ere Nafarroa eta Araban), oroharreko prezioan zerealen uzta egiteko kontratatzen zituzten, batez ere gariaren, zekalearen eta garagarraren uzta egiteko. Batzuetan belarra mozteko ere kontratatzen zituzten. Gehienetan igitaia erabiltzen zuten, baina batzuetan sega ere bai, hasiera batean belarra mozteko bakarrik erabiltzen zena. J. Caro Barojaren arabera (2), igitaia horzduna izaten zen gehienetan, mendebaldeko beste herrialdeetan bezala.

        Lanbide horretan jarduteko ahalegin fisiko handia egin behar zen, baldintza zailetan egiteaz gain, beso sendoak behar baitziren; gainera, arrisku handikoa zen, eta horregatik igitaia esku batekin erabili behar zutenek zurezko eskularrua janzten zuten beste eskuan, ebakirik ez gertatzeko. Mendeetan, jarduera horrek lanpostu ugari sortu zituen, eta XVII. mendean Katalunian sortu ziren gatazkei segalarien gerra esaten zaio.

        Segalarien lana, batez ere segarekin aritzen zirenean, kirol bihurtu zen azkenean: sega apustua. Beste kasu batzuetan bezala (idi probak, harri-jasotzea, aizkolariak eta abar), orain dela urte gutxi arte garrantzi handia izan zuen Gipuzkoako leku batzuetan.

 

(1) Nociones de tecnología y topología en prehistoria.  J.J. Eiroa, J. A. Bachiller, L Castro, J. Lomba. Ariel Historia argitaletxea.

(2) Los Vascos. Julio Caro Baroja. Istmo argitaletxea.

Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua