Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Errementariak

        Erremintak asmatzeak gizakien bizitza erabat eraldatu zuen: izan ere, handik aurrera gizakiek, bere eskuez gain, baliabide oso eraginkorrak izan zituzten bizirauteko eta garatzeko. Erreminten garapena etengabea izan da. Egurrezko, harrizko edo hezurrezko tresnak izatetik, brontze edo burdinazkoak izatera pasa ziren, eta gaur egun oso lanabes konplexuak ditugu eskura.

Forjaketa

Usadiozko forjaketaren irudia. Bertan, maisua eta ikastuna ageri dira, baita sutegia eta ingudea ere.

        Euskal Herrian, Erdi Aroan dagoeneko oso zabalduta zegoen burdingintza, ustialekuetan lehengai ugari izateaz gain, baso ugari ere baitzegoen, eta horri esker burdina eraldatzeko adina erregai baitzegoen. Testuinguru horretan agertu ziren errementari edo errementaixak: ez ziren oso espezializatuak eta era guztietako erremintak egiten zituzten, betiere oso kopuru txikietan eta eskualdean bertan saltzeko.

        Erdi Aroaren amaierarekin batera, komunikazioak garatu egin ziren eta ondorioz, sutegietan lan egiten zuten errementariak kopuru handitan pieza edo tresna gutxi batzuk egiten espezializatu ziren, hau da, "tresna berdin asko, bata bestearen atzetik egitean". Zenbait guneetan joera hori nabariagoa zen, eta handik tresnak kontsumo-lekuetara garraiatzen ziren, han saldu ahal izateko.

        XIV. mendean burdinaren industria garatu zen Urola eta Deba haranetan. Horren ondorioz, eskualde haietan jarduera garrantzitsua garatu zen, non era askotako elementuak eraldatzen ziren, besteak beste erremintak, iltzeak, ferrak, burdin-hesiak eta arma zuriak. Oñati forjaketa gune garrantzitsua izatera iritsi zen, eta bertan sutegi edo artisau-lantegi ugari zegoen kokatuta , teilapeetan eta etxazpietan bai herrian bertan baita herri kanpoaldean ere, hain zuzen ere Olabarrieta eta Zubilaga auzoetan. Usadioak bere horretan jarraitu zuen. Izan ere, bi mende geroago, Oñatin 70 sutegi zeuden, bakoitzean maisu bat, hainbat ofizial eta ikastun baten bat aritzen zen jardunean, inoiz ez 6 pertsona baino gehiago sutegi bakoitzeko.

        Errementari eta forjariak erremintak (borrak, mazoak, aizkorak, hondeaitzurrak, goldeak, zeioak, golde nabarrak), ferrak, iltzeak (iltzegileak), zartaginak (zartagingileak), kurrikak (kurrikagileak) baita labanak eta guraizeak (labanagileak eta guraizegileak) bezalako produktuak egiten espezializatu ziren.

        Oinarrizko instalazioa harearriz egindako sutegi bat zen: metro eta metro eta erdi bitarteko zabalera eta beste horrenbesteko luzera zuen, eta 70 zentimetroko altuera izaten zuen. Bertan, egur-ikatzez sua pizten zen. Konbustioa areagotzeko, metro bat eta bi metro arteko hauspo batekin haizea ematen zitzaion. Hauspo hori egurrezko oholez eta larruz eginda zegoen, eta gehienetan eskuz eragiten zitzaion sutegi ondoan sabaitik zintzilik zegoen palankatik tira eginda. Lantegiko erdialdean ingude bat egoten zen zuhaitz enbor handi baten gainean finkatuta. Horren ondoan harrizko ontzi bat egoten zen, urez beteta, tresnak amaitzerakoan han sartu eta hozteko. Horrez gain,lan-mahaia eta piezak lantzeko tresnak izaten zituzten: besteak beste era guztietako kurrikak, mazoak, mailuak eta bestelakoak

Errementaria

Errementaria. Zangotzako (Nafarroa) Santa Maria La Real elizako atean ikus daitekeen taila erromanikoa (Argazkia J.E. Urangaren artxibokoa da).

        Lehengai gisa erabiltzen zituzten burdinazko barrak eta hagunak sutegian berotzen ziren, horiek forjaketa tenperaturara iristen ziren arte. Orduan, ofizialek piezak mailuz kolpatzen zituzten eta horrela nahi zen forma ematen zieten. Maisuak, tresna txiki batekin ofizialak lantzen ari ziren piezari kolpe txiki bat ematen zion, ofizialek non jo behar zioten jakin zezaten.

        Lanbidea gogorra zen, eta ohikoa zen ikastunak 14 edo 16 urterekin hastea lanbidea ikasten. Gehienetan maisuaren etxean bizi ziren, honek ematen baitzien jaten eta mantenu osoa, orokorrean. Horretarako, bi alderdiek kontratua sinatzen zuten lau urterako. Ez bazuten adostutakoa betetzen, nahiko isun altuak ordaindu behar izaten zituzten.

        Maisuek merkatariekin produktu kopuru zehatz bat egiteko konpromisoa hartzen zuten. Horretarako, askotan, merkatariek, batzuetan sutegien jabeak izaten zirenak, lehengaiak eta hitzartutako diru kopuruaren zati bat aurreratu behar izaten zizkieten maisuei.

        Aldi berean, ekoizpen-sistema espezializatu harekin lehian, landa-errementari ugari ere bazeuden, bertako eskariaren arabera lan egiten zutenak eta piezak enkarguz eginez.

        XVI. eta XIX. mendeetan artean, ekoizpen-sistemak ez ziren ia aldatu: sutegiek metalezko hainbat produktu eta tresnak egiteko ekoizpen guneak izaten jarraitzen zuten, sutegiak erreminta eta produktu bakoitza egiteko garatzen eta egokitzen joan arren.

        XIX. mende erdialdera, Europan lurrunak eragindako mailuak agertu ziren metalak forjatzeko. Horrelako mailu bat Bizkaiko industria astunean erabili zen lehen aldiz, seguru asko ontzigintza-industrian. Esaterako, Euskalduna Ontziolan, 1912rako lurrun bidezko mailu bat eta mailu pneumatiko bat ere bazituzten.

        Hala ere, teknologia-berrikuntza horiek pieza handien forjaketan bakarrik zuten eragina, ez ziren pieza txikiak egiteko erabiltzen. Horren ondorioz, Euskalduna enpresa berean, 14 sutegi ere bazituzten ontzioletan beharrezkoak ziren erreminta nahiz pieza txikiak egiteko. Sutegi haietan usadiozko sistemaren arabera egiten zen lan, hau da, pieza ingude gainean jarriz eta mailuz kolpatuz.

        Era berean, artisau-usadio handia zegoen eskualdeetan, esaterako Deba haranean, erremintak eta antzeko piezak betiko sutegietan egiten jarraitu ziren XX. mende hasiera arte. Urte haietan zehar, lanbidean aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren: lurrun bidezko forja-mailuak, mailu pneumatikoak, baleztazko mailuak eta erortze-libreko forja mailuak erabiltzeaz gain, lurrun bidezko energia eta aurrerago, energia elektrikoaren erabiltzen hasi ziren.

        Aipatutako makinak erabiltzen hasi zirenean, gaur egungo forja-lantegiak sortu ziren. Lantegi horiek erreminta, pieza eta tresna txikiak egiteko ekoizpen-guneak ziren, eta Euskal Herrian lau mende baino gehiagoan zabalduta egon ziren usadiozko sutegiak ordeztu zituzten.

        Teknologia-aurrerapen hori aplikatzen maisu errementariek ere lagundu zuten. Izan ere, beren sutegietan, espezialistek eragindako eskuzko mailuak erabili ordez, mailu-pneumatikoak erabiltzen hasi ziren, horrela eraldaketa-industria garrantzitsua sortuz.

        Hala ere, betiko produktuak egiten jarraitu zuten. Merkatua handitu nahian, erreminta edo tresnak egiten zituzten errementariak ekoizpena handitzen joan ziren, tresna beraren hainbat aldaera eginez, horrela erabilera ezberdinetarako eta leku ezberdinetan saldu baitzitekeen.

        Horrela, Deba eta Urolako eskualdeetan, artisau-jarduera bat izatetik gaur egungo industria izatera pasa ziren.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua