Industriako grabatzaileak

Eraldakuntzako industria gure herrian garatuz joan den heinean, askotariko lanbideak eta jarduerak agertu izan dira eta eginkizun horietan aritzen ziren beharginek, ekinaren ekinez, hainbat urte luzetan egindako saioen eta praktikaren ondorioz, lanbidearen gaineko ezagupenak berenganatuko zituzten eta, hein berean, ondorengoen nahiz beste langileen eskura jarriko zuten berenganatutako jakintza hori.

Fabrikatutako artikuluek, zenbait alditan, apaindurak eta dekorazio irudiak izaten zituzten gainazalean -armen kasuan, esate baterako-, edo, bestela ere, ikur adierazleak eta erreferentziazkoak; izan ere, halakoak, askotan, zuzenean materialaren gainean grabatu egiten ziren.

Grabatuaren kontzeptuaren bidez aditzera eman daitezkeen jarduerak asko dira. Gizakiak grabatu teknika askotarikoak erabili izan ditu eta aniztasun horren erakusle dira, jarraian adieraziko direnen tankerako lanak, nahiz eta gauzatzeko eran batetik bestera alde handiak egon: metalaren gaineko grabatua, litografia, arte grafikoak eta beste jarduera batzuk, zalantzarik gabe, meritu handikoak.

Soraluzeko lantegiaSoraluzeko lantegian emakumeak ere aritzen ziren. Argazkian ageri diren emakume horiek txantiloien bidez piezak kontrolatzen eta jaurtigaietarako espoletak muntatzen ari dira.Beheko aldean, eskuinean, muntatze prozesuan dauden tankeen aurkako kanoiak, grabatuak izateko prest. 1939-43 urte ingurua.(SAPA PLACENCIA elkarteak utzitako argazkia).

Metalaren gaineko grabatuak, bere-berea duen kontzeptu horren baitatik, konplexutasun handia du. Halakotzat sailka daitezkeen teknikak asko dira, esate baterako: ehizarako eskopeten grabatuan, adibidez, egiten diren apainduren gisako lanetarako erabili ohi den mailu bidezko eskuzko beranlana; eskuzko beranlana, esku aide izenez ezagutzen dena eta industriako zenbait lan gauzatzeko erabiltzen bada ere, bereziki, urregintzan erabiliko dena; damaskinatua, hau da, urrea burdinezko edo altzairuzko hondo batean txertatzea; ataujia, nielatua, bozalketa, zizelatua, aguafuertea deritzana; eta, badira metal gaineko grabatua egiteko beste teknika asko.

Apaintzea da metala grabatzerakoan hartu izan den helburua; apainketa lan horien artean sartzen dira bitxien eta zilarrezko objektuen gainean egindako grabatua, damaskinatua eta su armak edertzea; helburu funtzionaletarako edo industriarako ere baliatu izan da, halere. Gu aurkeztera goazen espezialitatea industriako grabatua da, hain zuzen ere, industriako piezen gainean hizkiak, ikurrak eta bestelako erreferentziak zuzenean grabatzeko eginkizuna betetzen duena. Jarduera hori betidanik egon da metalurgia industriarekin uztartuta, izan ere, teknika horretaz baliatu izan dira produktuak eta pieza sailkatzaileak markatzeko edo bestelako erabilera lagungarrietarako, esate baterako, zenbakiak eta hizkiak grabatzeko erabiliko diren eskuzko puntzoiak egiteko, gero, tresna horiek, beren aldetik, beste grabatu lan batzuk gauzatzeko erabiliko dira. Espezialitate adar hori, eskuz landu izan da, bai lantegi txikietan, bai neurri handiagoko enpresetan.

Jarduera hori gauzatu duen Gipuzkoako enpresetako bat “S.A. Placencia de las Armas” izenekoa da, Soraluze herrian duen lantegian, hain zuzen.

Gure industria ehunduran ondo errotutako enpresa hori, hainbat urtetan arma ekoizpenean aritu izan da baina, gaur egun, bestearen aldean berri xamarra den Andoain herriko lantegian, oso bestelakoak diren jardueretara ere zabaldu du ekoizpena. Industria horren jatorrian Euskalduna lantegia dago, Soraluzeko armagileek 1864an abiarazi zutena, XVI. mendetik Debako ibarrean jarduera horretan aritzen ziren armagileen gremioa desegin zenean. XIX. mendeko azken guda zibilean karlisten guda taldeek hartu zuten eraikina eta Gipuzkoako dibisioaren lantegi ofiziala izendapena eman zioten, lantegiak zuen ekoizpen ahalmenaren seinale. Matxinatuen porrotaren ondoren, enpresaren jabe egin zen Hiram Maxim, izen hori bera daraman metrailadorea asmatu zuen iparramerikarra eta, hark, Nordenfeld suediarra kide zuela, mota azkarreko armak eta marinako kanoiak eratzeko eginkizunak gaineratu zituen. Gerora, ospe handiko Vickers etxe ingelesa arduratuko zen enpresa aurrera eramateaz, Soraluzeko lantegiko langileen kalitateaz eta trebetasunaz ohartuta, hura eskuratu zuenean. 1931. urte inguruan, enpresa Espainiako kapitalaren eskutan geratu zen eta S.A. Placencia de las Armas izena hartu zuen, baina lehengo ekoizpen lan berak mantendu zituen.

Lantegi horretan etengabe landu izan da industriako grabatua, kanoien gainean jartzen zuten, zuzenean, bakoitzari zegokion kalibrearen ezaugarriak, serie zenbakiak, ekoizpen datak eta gainerako azalpen ikurrak. Era berean, tiroak doitzeko erabiltzen ziren noniusen eta graduatutako erregelen banaketak egiteko ere grabatua erabiltzen zen. Lan guzti horiek eskuz gauzatu ohi ziren eta, maiz, ingelesez idatzitako planoak erabiltzen zituzten.