Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Maisu beiralariak

Espainiako Errege Akademiak, beira definitzeko, esaten du “substantzia gogorra, hauskorra, gardena” dela, “normalean distira berezikoa, ezagutzen diren gauza gehienetan disolbaezina eta tenperatura altuan urtzen” dena. Dirudienez, beira egiten Sirian hasi ziren, K.a. 1700 inguruan, eta kristau aroa hasi arte siriarrek berek eta egiptoarrek eduki zuten monopolioa. Kristau Arotik aurrera, berriz, beira puzteko prozedura asmatu zutelarik, erraztu egin zen bai beira bai beirateak egitea, eta horrekin batera beiraren hedapen handiaren garaia iritsi zen.

Silizea potasa edo sosarekin eta beste material batzuen kantitate txiki batzuekin nahastuz lortzen den produktu hau kultura guztiek erabili dute historian zehar, eta beiraren kalitateak eta fabrikazio teknologiek etengabe egin dute aurrera. Alabaina, modu industrialean produzitzen hasi arte ez zen eguneroko bizimoduko elementu bihurtu. Gaur egun jada erabilera orokorreko gauza dugu.

Georgius Agricolak, 1556an Basilean argitaratutako meatzaritza eta metalei buruzko De Re Metallica obran, beiraren fabrikazioan erabiltzen diren materialak eta prozedurak deskribatu ondoren, adierazten du beiragileek era askotako artikuluak egiten dituztela, “kopak, godaletak, pitxerrak, flaskoak, platerak, azpilak, beirazko panelak, animaliak, zuhaitzak eta itsasontziak, obra bikain eta zoragarriak, ikusiak baititut Venezian, duela asko, bi urte oso eman nituenean. Batez ere Igokundekoaren ferian saltzen dituzte, Muranon, bertan daude eta beiragile nagusiak”.

1445ean, Bartzelonako beiragileen korporazioak bere estatutua zeukan, eta 1691ko ediktu frantses batek, lanbideen 127 korporazioak garrantziaren arabera sailkatzean, bigarren mailakoen artean jarri zituen (4 maila ziren guztira) beiragile toskagileak. 1776an lanbide honetan aritu ahal izateko lau urte aprendiz gisa egitea eskatzen zuten, eta sei urte maisu batekin, azken proba bat gainditzearekin eta ezarritako zergak ordaintzearekin batera. Alabaina, korporazio ofizialetatik eta indarrean zeuden arauetatik kanpo, praktikan sistema tradizionalaz aparteko beste bat zegoen, eta sei urte emanez gero aprendiz, eta beste lau maisu baten “ardurapean”, aprendizak “maisu hartzen zituzten, gasturik zein azterketarik gabe”.

Los maestros vidrieros María Begoña Gómez y Francisco Javier Pérez

María Begoña Gómez eta Francisco Javier Pérez beiragileak Miraballesko bere lantegian. (Argazkia: C. U.).

Beira egiteko eta apaintzeko espainiar tradizioa aipagarria da, baina ezin dugu gauza bera esan gure herrialdeari dagokionez. Hala ere, gaur egun beiragile maila handikoak ditugu gure artean. Horietako nabarmenetako batzuk María Begoña Gómez eta Francisco Javier Pérez de Burgos dira, ezen “fusing” edo beira urtzearen teknika erabiliz pieza pila handia lortzen baitute, esaterako apaingarriak edo pintore ezagunen obren kopiak neurri desberdinetan, eta obra propioak ere badituzte.


Gipuzkoa.net (logo) 2014 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua