Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Donostiar zigarro-egileak

      Amerikar kontinentean XV. mendean lehorreratu ziren kolonizatzaile espainol haiei harrigarria gertatuko zitzaien hango indigenak ikustean, eskuan hosto lehorrak bilduz egindako tutulu antzekoak zeramatzatela eta horiek mutur batean piztu eta bestetik arnas hartuz kea botatzen zebiltzatela. Ez zuten inolaz ere imajinatuko hain ohitura bitxia ia mundu osoko gizarteetara hedutuko zenik, eta are gutxiago bostehun urte gero ohitura hura mugatu eta debekatzeko asmotan ibiliko ginenik, hosto haien halako kontsumoak pertsonen osasunean eragin kaltegarriak dituelako.

      Tabakoa Nicotiniana generoko solanazeoen familiako landare belarkara da. Hosto zabalak ditu, eta horiek mastekatu, sudurretik hartu (hautsa) edo erre egiten dira tratamendu egokia eman ondoren. Urtean behingo landarea da, handia, bi-hiru metroko garaiera hartzen duena; sustrai haritsua, zurtoin belarkara eta bihotz zuriduna.

      Konkistatzaile haien agintariek laster ohartu ziren tabakoaren kontsumoa diru iturri garrantzitsua izan zitekeela. Espainiako monarkia izan zen lehena horretaz ohartzen eta 1610. urte ingurura erregalia aldagarriaz (eskubide ekonomiko edo finantzarioa, berariaz erregeari baino ez zegokiona) zergapetu zuen tabakoaren inportazioa produktuaren jatorriaren arabera. Handik gutxira, 1636an, monopolizatu egin zuten komertzializazioa, eta praktika hori bera erabili zuten garai eta modu askotan herrialde garatu gehienetan. Garaian garaiko egokitzapenak egin ondoren, gaurdaino ohitura horiek izan dira indarrean, nahiz eta egun praktika horiek desagertzen ari. Gaur egun tabakoaren fabrikazioa eta banaketa askearekin jarraitzen duten herrialdeetan aipagarria dira Amerikako Estatu Batuak, bera baita mundu mailako ekoizlerik handiena

Tabakalera

Iparraldeko tren geltokia, Maria Cristina egurrezko zubia, Atotxako zezen plaza eta Tabakaleraren eraikuntzaren ikuspegia Gernikako Arbola pasealekutik. Atzean Mandasko Dukea eta hondoan, Polloeko hilerria, XIX. mendean. (Kutxako fototeka).

Tabakalera

Tabakaleraren ikuspegia 1956. urtean. Lehen planoan, ezkerrean, Maria Cristina zubia. (Kutxako fototeka) .

      Tabakoaren produkzioak funtsean lau fase ditu:

  1. Landaketa (hosto berdeak lortzea behar bezalako heldutasunarekin).
  2. Lehortzea (tabako hostoak lehortu baina ondu gabe).
  3. Ontzea edo egokitzea (tabako ondua lortzea).
  4. Fabrikazioa (tabakoa kontsumitzeko modalitateetan prestatzea).

 

      Lehen bi faseak nekazaritza arloan egiten dira. Hirugarrenak industria izaera du, eta hori da hain zuzen tabako landugabearekin egiten den mundu mailako merkataritzaren xedea; fase honetako tabakoaren merkataritza bitartekarien esku egoten da. Azken fasea, ordea, industriala da berariaz eta fabrikatzen duten sozietate eta monopolioa duten estatuen esku egoten da; monopolioa duten estatu horietako batzuk gainera aurreko faseez ere arduratzen dira.

      Dokumentu argiz ondo ziurtatu gabe bada ere, Espainian uste da, eta seguruenik mundu zabalean, tabakoa egiteko lehen instalazio iraunkorra Sevillako San Pedron ireki zela 1620an; kontuan izan behar baita hiri horrek Indietako (tabako landarea hangoa baitzen) merkataritzaren monopolioa izan zuela eta hori erabakigarria izan zitekeela. Baina zigarroak (lan honetan tabako hostoz egindako erroiluari purua deituko diogu; tabako xehatuaz egiten denari, zigarretari, alegia, zigarroa) egiteko espezialitatea hartu zuten lehen fabrika espezializatuak XIX. mendera arte ez ziren agertu. Horietan lehena Alacanten ireki zen (1801), ondoren Coruña (1808), Madril (1809), Gijón (1823), Valentzia (1828), Santander (1835) eta Logroñon (1901).

      Euskal Herria, foruen babesean, ez zegoen Estatuak tabakoaren errentaz zeukan monopolioari lotuta eta tabakoa elaboratzeko, zirkulatzeko eta saltzeko eskubidea zeukan. Merkataritza horrek garrantzi handia zeukan, batez ere 1728an sortutako Real Compañía Guipuzcoana de Caracasen jardueretan. XIX. mendearen erdialdera zazpi tabako edo zigarro fabrika zeuden: bat Tolosan, beste bat Gasteizen (ia hirurogeita hamarren bat langilekoa) eta gainontzekoak Bilbon.

      Foruak indargabetu zirenean, 1876ko uztailaren 21eko Legearen ondorioz, hainbat eskubide tradizional galdu ziren, eta udalbatzek Bilbon (1878ko uztailaren 1a) eta Donostian (1878ko uztailaren 12) fabrikak jarri beharra izan zuten. Pentsatu beharra dago bi zentro horiek garaian garaiko teknologia erabiliko zutela eta hori batez ere artisauen mailakoa izango zela erabat. Nabarmendu behar da, halaber, teknologia hori batez ere emakume puro-egileek erabiltzen zutela, eta horixe dela, hain zuzen, gaur egun kalitate eta prezioa handiena duten puruak egiteko erabiltzen dena.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua