XV. mende bukaeran, inprenta gizaki zibilizatuaren garaipen bat zen, etengabe aldatzen zihoana, besteak beste Gutenbergen bazkidea zen Schoefferren ekarpenei esker (berari otu zitzaion metalezko karaktere mugikorrak erabiltzea) edota makinak erabiltzen hasteari eta elektrizitatea sartzeari esker.
Hamarkadetan zehar, tipografoaren irudia nahiko ezaguna izan zen. Izan ere, Euskal Herriko herri garrantzitsu guztietan inprimategi bat edo gehiago izaten zen, eta bertako irudi nagusia tipografoa zen. Zinemari eta argitalpenei esker, garai bateko tipografoaren irudia ezagun egin da: alkandoraren maukak ez zikintzeko mauka-erdiak erabiltzen zituzten, eta beren lanpostua argiztatzeko erabiltzen zen argi bertikaletik begiak babesteko, bisera bat erabiltzen zuten. Horrez gain, liburu-denda eta inprimategi asko kulturan interesa zuen jendearen bilkura leku izan dira.
XIX. mendean eta 1950eko hamarkada arte, hezkuntza eta jendearen prestakuntza oso eskasa zen, baina tipografoek ezagutza maila altua behar zuten lanbidean jarduteko. Horrez gain, lanean era guztietako informazioa izaten zuten eskura (liburuak, hiztegiak, buletinak, aldizkariak, egunkariak eta abar), eta horrek ere asko laguntzen zien. Seguru asko horregatik izan ziren tipografoak horren garrantzitsuak alderdi politikoak eta sindikatuak sortu eta garatzerako orduan, ez Espainian bakarrik (Pablo Iglesias, Indalecio Prieto eta abar), baizik eta Europako eta Ameriketako beste hainbat herrialdetan ere.
Aprendices de cajistas e impresores en el Instituto Politécnico Salesiano de Pamplona (cedida por el Instituto Politécnico Salesiano).
Profesional horiek erraztasuna izaten zuten ideia sozialak gizartean zabaltzeko (batez ere liburuxka eta paskinen bidez). Ondorioz, askotan mesfidantzaz begiratu izan zituzten, eta kasu askotan, boterean zeudenen kontrol zorrotzpean lan egin behar izan zuten, batez ere ideia erlijioso edo politikoekin lan egiten bazuten.
Horrez gain, lanbide horretarako (usadioz gizonezkoak aritu izan dira, familia-enpresa kasu batzuetan ezik) gramatika eta ortografia ezagutza handia behar zen, baita estetika zentzu nahiko nabarmena eta diseinu grafikorako sormen-trebezia ere.
2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua