Hala eta guztiz ere, tipografoek zurgintzan lan egiten zuten mekanika-adituek (tornulariak, fresatzaileak eta abar) baino soldata apalagoa irabazten zuten. 1946an, tipografoek asteko 170 pezeta inguru irabazten zituzten, eta handik bi urtera, Gizarte Segurantzan sartuta egonda, 200 pezeta inguru.
Arte grafikoen irakaskuntza arautua, eta ondorioz tipografoen prestakuntza arautua XIX. mende bukaeran sortu zen herrialde industrializatuetan. Espainian, 1897ko urrian Escuela de Artes Gráficas eskola jarri zen martxan Bartzelonan, eta 1905eko bukaeran, Aprendices tipográficos eskola Madrilen. Usadioz, salestarrak arduratzen ziren gazteak jarduera horretarako prestatzeaz.Espezialista horiek era askotako materialak erabiltzen zituzten, eta gehienetan kontu handiz erabili behar izaten zituzten.
Letra solte bakoitza, hau da, a, e, i, o, eta u bokalak, kontsonanteak, minuskulak, maiuskulak eta puntuazio markak berun, antimonio eta eztainuzko nahasketa batekin egiten ziren. Horrez gain, piezagile bakoitzak bere sekretua izaten zuen piezei trinkotasuna emateko. Piezak errektangeluarrak eta luzexkak izaten ziren, goiko aldean letra edo marrazkia zeukaten grabatuta. Orokorrean nahiko gogorrak izaten ziren, baina denbora askoan inprimatzeko erabili ondoren, pieza berriekin ordeztu behar izaten ziren, letra zegoen aldea urratu eta higatu egiten baitzen.
Letra horiek egurrezko kaxetan gordetzen ziren. Kaxa horiek errektangeluarrak izaten ziren, eta departamentutan banatuta egoten ziren. Letra erabilienak, hau da, bokalak eta minuskulak, kaxaren beheko aldean gordetzen ziren, tipografoak eskurago izan zitzan. Halaber, letra erabilienen departamentuak, hau da, bokalenak, baita s edo d letrenak, gutxien erabiltzen ziren letren departamentuak baino handiagoak izaten ziren (z, x, w, eta abar). Ondorioz, departamentu horietan letra gehiago kabitzen ziren. Letra horiek horretan espezializaturiko enpresek fabrikatzen zituzten, eta horiek izaten ziren letren diseinuaren jabe. Hori frogatzeko, letra mota bakoitzak izen berezia izaten zuen (eta hala izaten jarraitzen du): Helvetica, Áster, Garamond, eta abar, mota bakoitzak , inprimatzerakoan, bere berezko arrastoa uzten baitu.
Jesús Sánchez, veterano tipógrafo -conocedor de las tecnologías actuales- nos muestra sus habilidades como cajista. (Foto Julián Azkue).
Tipografoek erabiltzen zituzten beste materialak "tarte hutsak betetzekoak", listelak, grabatuak (irudiak), konposatzailea zeuden(metalezko tresna, angelu zuzenekoa, ertz batean tope finko bat eta beste tope irristailu bat zuena, lerroen luzera kontrolatzeko erabiltzen zena. Tresna honi esker, tipografoak moldeetako testuak osatzen zituen). Horrez gain, tipometroa ere erabiltzen zuten: tipografoen erregela, metalezkoa, fina eta luzea zen. Alde batean zizeroen eskala izaten zuen, eta bestean zentimetro-milimetroen eskala. Pintzez gain, (zuzenketak egiteko tresna malgu bat), galerak eta tamaina ezberdinetako galeratxoak ere erabiltzen zituzten, egiten ari ziren moldearen zatiak jartzeko.
|
2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua