Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Eibarko bizikleta muntatzaileak

       Autore askok azpimarratu dute, eibartarrak, historian zehar, momentu bakoitzean behar ziren tresnak egitean, burdinaren eta altzairuaren eraldaketan adituak izan direla. Seguru aski, eibartarren ezaugarri hori era labur eta onenean Manuel Larramendi (1690-1766) gipuzkoarrak azaldu zuen: “Eibarren... burdineriako era guztietako pieza txiki eta bikainenak lantzen dira...". Baina armagintza izan da Eibarko industriaren ezaugarri nagusia, gutxienez XIX. mende erdialdera arte. Duela bost mendetik aurrera izan dugu jarduera horren berri Eibarren.

       Alabaina ekoizpen espezializazio hori ia esklusibo bihurtu zen, eta ondorioz, langileen gehiengoa horretan aritzen zen. Horrek bere arriskuak ere bazituen. Izan ere, nazioarteko arma eskariak gorabehera handiak izaten zituen, herrialdetako arantzel politika protekzionista edo liberalen araberakoak. Horren ondorioz, epe laburretan, langabezia ezetik erabateko krisian egotera pasatzen zen. Krisi horietako batean, 1914an, Eibarko Udalak Ixuako errepidearen lanak jarri zituen martxan, Arrateko igoeran; eta horrez gain, herri-jangela bat ere ireki zuen, jendeak oso merke jan ahal izateko. Sei urte geroago, greba luze baten ondorioz, berriz ere jangela hori ireki behar izan zuten, denbora luzean gogoan izango den datua.

Eibar

Eibar eta Arrate arteko errepidea eraikitzeko lanak, 1924. Ojanguren Fondoa. Eibarko Udal Artxiboa.

       Krisi bakoitzean, politikari eta industrialariek irtenbide ezberdinak proposatzen zituzten, gehienbat, bestelako tresnak egitea, besteak beste idazmakinak eta josteko makinak (Fermin Calbetonek, 1918an Valentzian zegoen josteko makina lantegia Eibarren egon beharko zuela esan zuen), motorrak, autoak, altzairuzko instrumentuak, erremintak, baita “arma luzeen, eskopeten, errifleen, karabinen eta abarren kanoi lantegia, labe elektrikoa eta hiru xaflatako instalazioa zuena, altzairuzko kanoi borobilak ekoizteko" edo baita “industria militarra” ere. Aipatzekoa da Inazio Anituak 1927an emandako proposamen arrazoitua: bizikletak, boladun errodamenduak, kirurgia eta dentista tresnak, doitasunezko balantzak eta baskulak, eta batez ere josteko makinak eta bi eta lau eserlekuetako autoak.

Orbea

Orbeako langileak, 1909 edo 1913 aldera (Argazkia Castrillo-Ortuoste Fondoa. Eibarko Udal Artxiboa) .

        Azkenik, 1920ko hamarkadan, Eibarko industriaren dibertsifikazioa iritsi zen. Garate, Anitua y Cía (GAC) bizikletak egiten hasi zen. Geroago, Orbea ere bizikletak egiten hasi zen (beste tresna batzuk egiten saiatu ziren lehenago, besteak beste makina-erremintak eta haur-kotxeak), baita Beistegi Hermanos (HB) lantegia ere. Lantegi guztiek bizikleta ekoizpen berria ekoizpen zaharrarekin batera, hau da, armagintzarekin batera egiten zuten, baina azkenean, urte batzuk geroago, armagintza bertan behera utzi zuten. Garrantzi handiko beste gertakari bat 1920 Sociedad Anónima de Produccion de Armas de Fuego Alfa sortzea izan zen. Sozietate hori Orbea lantegiko langile talde batek sortu zuen (greban debora luzea zeramaten), eta Danok-Bat kooperatibaren babesa ere jaso zuten, lehentxoago sortutakoa. Sei urte geroago, josteko makinak egiten hasi ziren.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua