Lanbide tradizionalak Diputación Foral de Gipuzkoa (logo)


[4]

Artekariak

       Gurean bai esan daiteke apustuak kirol-jarduerei aspalditik lotuak egon direla. Baldintza horrek, norbere iritzia albo batera utziz, beren zabalkunde eta ospean zerikusi nabaria izan du. Euskal pilotan eta beste hainbat herri-kirolean argi geratzen da. Apustuetanartekari profesionalak aritzen dira, apustularien arteko bitartekari-lanetan.

       Euskadin, pilotan egin diren apustu-motak bi izan dira bereziki. Ohizkoena, profesional baten laguntzaz egiten da. Apustulari batek diru kopuru bat jokatzen du (partiduaren unean uneko emaitza kontuan harturik, apustu ahalmenaren parekotasuna baino diru kopuru handiago, berdina edo txikiagoa izango da),kolore bateko (urdin edo gorri) jokalari baten edo gehiagoren alde. Artekariak apustu hori aldarrikatuko du; horrela, beste ikusle batek apustua onartu, eta txartel batean idatzia geratuko da, kontratu moduan. Kiniela jokoan ere, nahiz eta diru kantitate txikiagoekin aritu, irabazlea eta zeinua zein izango diren egiten da apustu. Jokatu den diru guztia txartel irabazleen artean banatuko da, hori izango da asmatzaile bakoitzak irabaziko duena. Esan beharrik ez da, behin kontuak garbitu ondoren, enpresari dagokion ehunekoa kendu egiten zaiola irabazitakoari. Horrek artekariarekin banatuko du ehuneko hori, haien artean adostu bezala.

       Kiniela apustuetan ez zen artekaria bertan izaten. “Apustuak jokua hasi baino minutu batzuk lehenago ere egin zitezkeen, sekula ez hasi ondoren”.

       Aurrerago aipatuko dugun bezala, frontoietan jokatzen ziren pilota partiden arauak (enpresak, pilotariak, artekariak, zerga-sistema, besteak beste) XIX. mendean ezartzen dira, nahiz eta oinarrizko aldaketak sartu diren azken hamarkadetan.

Pagoaga eta Etxague artekariak, Oñatiko San Migelgo frontoian lanean, 1943ko urriaren 3an. (Argazkia: Toribio Jauregi).

Pagoaga eta Etxague artekariak, Oñatiko San Migelgo frontoian lanean,
1943ko urriaren 3an. (Argazkia: Toribio Jauregi).

       Apustularien bitartekari diren artekariek funtsezko garrantzia dute frontoi eta herri-kiroletan. Oro har, euren eginbeharra ondo menperatu eta ondo betetzen duen aditu talde bat osatzen dute. Eguneroko bizitzan gerta ohi den bezala, aldaketak etengabek dira. Apustuen mundua ez da salbuespena, eta “on line” egiten diren apustuek frontoietan orain arte egin den modu tradizionala kaltetu dezakete.


Gipuzkoa.net (logo) 2011 Lanbide Tradizionalak. Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua